Maite Ubiria

Lurraldeen araberako deskonfinamendu prozesua baztertu du gaur Macronek

Frantziar agintariek aldez aurretik eginiko enegarren iragarpena atzera bota egin dute gaur. Heldu den maitzaren 11an abian jarriko duen deskonfinamendu prozesua «eskualde bakoitzean ematen den egoera aintzat hartuta» agindu zuen atzo Gobernuak. Gaur, berriz, Emmanuel Macron presidenteak Covid-19ak eragindako pandemia hasi zenetik garatu duen eskema bakarra berreskuratu du.

Ipar Euskal Herrian birusak hedatze tasa apala duela agerian uzten duen mapak. (www.le-guide-sante.org)
Ipar Euskal Herrian birusak hedatze tasa apala duela agerian uzten duen mapak. (www.le-guide-sante.org)

Covid-19 birusak eragindako krisiak bere gordintasun osoz erakutsi du Emmanuel Macronen Gobernuaren erabateko sendotasun eza. Hasieratik pandemiari aurre egiteko frantses presidenteak agindu duen estrategiak oso noraez handia erakutsi du.

Are, ohitura bilakatu da egun batean gobernu ordezkari batek iragartzen duen neurria biharamunean -egun berean ez bada- beste erakunde bateko ordezkariak baliorik gabe uztea.

Konfinamenduaren eskemaren auzian beste hainbeste gertatu da. Atzo, ministro kontseiluak heldu den maiatzaren 11an abian emango den prozeduraren eztabaida martxan jarri zuen.

Plangintza zehatza ezagutzeko oraindik egun batzuk itxaron beharko baditugu ere, bilera horretatik eskema orokorra atera zen. «Normaltasun berria» eraikitzeko prozesua ez zela berdin izango lurralde guztietan aditzera eman zuen Gobernuak.

Hedabide nagusiek aldaketa hori jaso zuten berehala eta hainbat iritzi emailek harago jo zuten zentralismoa atzera utzita paradigma berria hautatu zuela Parisko Gobernuak iradokiz.

Pandemiaren mapa interaktiboa

Birusak eragindako osasun larrialdiak intentsitate maila oso desberdinarekin kolpatu du lurralde bat edo bestea begiratuta. Hori dela eta atzo Gobernuak «eskualdeen eta sektoreen araberako» deskonfinamendua abian jartzeko egitasmoa logikotzat jo zuten askok.

Balizko aldaketa arrazoitzeko lurraldearen aniztasuna aintzat hartuko lukeen eskema garatzeko «datu sendoak» bazirela nabarmendu zuten Gobernu ordezkariek.

Besteak beste Covid-19ak lurralde bakoitzean izaten duen eragina neurtzen duen osasun mapa interaktiboak irudikatzen duen egoera izan zuten aipagai.

Osasun erakundeek emandako datuen bilakaera jasotzen duen mapa horren arabera Hexagonoko 96 departamenduetatik 45ek deskonfinamendua atzean uzteko baldintzak beteko lituzkete gaur gaurkoz. Hau da, Hexagonoko lurraldearen %40ak «osasun berme guztiekin» deseskalatze faseari ekiteko bermeak eskainiko lituzke.

Mapan urdinez agertzen diren departamenduak lirateke eguneroko jarduerak poliki poliki berreskuratzeko prest egongo liratekeen lurraldeak. Horien artean Ipar Euskal Herria agertzen da (Zuberoa, Nafarroa Behera eta Lapurdi Pirinio Atlantikoen departamenduan kokatzen dira, Biarnoko lurraldearekin batera).

Gaur, ordea, Eliseoko iturriek gezurtatu egin dute ofizialki maiatzaren 11an hasiko den deskonfinamendu «lasai eta progresiboa» lurraldeen egoeraren arabera burutuko denik.

Hartara, egun batetik bestera krisi osoan zehar nagusitu den eskema bakarraren doktrina berreskuratu du Parisek.

Auzapez eta hautetsien elkarteen ordezkariekin gaur bideokonferentzia bidez egin duen bilera baliatu du Emmanuel Macronek zuzenketa agintzeko.

Heldu den astean aurkeztuko duen egitasmo zehatzak ez duela eskualdeen araberako deskofinamendua eredua jasoko jakitera eman du frantses presidenteak.