Tolosako ikastetxeetako ikasle guztiek ez dute aukerarik ikasketen jarraipena etxetik eta modu digitalean egiteko. Hala, hezkuntza zentroekin elkarlanean eta hitzarmena bat medio, Udalak «muturreko egoeran egon litezkeen familiei behin behineko irtenbidea emateko ardura» hartu duela adierazi du.
Gauzak horrela, Ikasketen Jarraipen Digitala ahalbidetzeko eta herriko ikastetxeetako ikasle guztiek ikasketen jarraipena digitalki eta etxetik egiteko aukera bermatzeko, ordenagailuak banatu dira eta Interneterako konexioa ahalbidetu da aipatutako familia horien artean.
Udalaren esanetan, ekipo informatikoen banaketak helburu bikoitza izan du, «arrakala digital akademikoa gainditzea» batetik, eta «haur eta gazteen isolamendu egoera ez areagotzea», bestetik.
Laskorain Ikastola, Herrikide Ikastetxea eta Samaniego-Orixe ikastetxeetako zuzendarien eskutik, Tolosako Udaleko Gazteria Zerbitzuari helarazi zaizkio arrakala digitala pairatzen duten haur, nerabe eta gazteen zerrendak zein horiek teknologia digitalaren inguruan dituzten behar zehatzak.
Beharrak aztertuta eta baliabideak eskuratuta, Tolosako boluntario taldearekin elkarlanean egin da ordenagailuen banaketa zein Interneterako konexioen ahalbidetzea. Guztira, 25 ekipo informatiko banatu dira behar bereziak dituzten familietako haur-gazte eta nerabeen artean.