NAIZ

Publikorik gabeko omenaldiekin oroitu dute Gernikan duela 83 urteko bonbardaketa

Segurtasun neurriekin bada ere, orain dela 83 urteko tragedia oroitu dute gernikarrek hainbat ekitaldiren bidez. Eguerdian bonbardaketaren garaian herriko alkatea zena, Jose de Labauria, eta George Steer kazetari britainiarra omendu dituzte, hildakoekin batera. 15.45ean alarma eta kanpai hotsak aditu dira, 1937an bezala, eta arratsaldean lore eskaintza egin dute hilerrian.

Egun berezia da gaur gernikarrentzat eta euskaldunontzat, gerraren aurkako sinbolo bihurtu zen bonbardaketa gertatu zela 83 urte bete direlako. 1937ko apirilaren 26 hark azoka egun bizi eta alaia izan behar zuen, baina Alemaniako Condor Legioak bonbaz isildu zituen irri eta solasak. Ehunka hildako eta zauritu izan ziren, eta eraikinen %85 erabat suntsitu ziren. «Ama, zerutik sua dator!» oihukatu zuten haur izutuek.

Busturialdeko herri honetatik iritsi zaizkigun irudiak ere ezohikoak dira. Koronabirusa dela-eta publikorik gabe egin dituzte omenaldiak, eta erakundeetako ordezkaritza murritzarekin. Baina trabak traba, maskara, distantzia eta beharrezko segurtasun neurri guztiekin, egin egin dituzte ekitaldiak. Hainbeste merezi zuen omenaldiak.

Balkoi eta leihoak ‘Guernica’ koadroaren bertsioz beterik esnatu dira. Belaunaldi berriek kolorea eman diete txuri-beltzeko irudi latzei. Eguerdian, bonbardaketa gertatu zenean herriko alkatea zen Jose de Labauria eta George Steer omendu dituzte, hildakoekin batera, kazetari britainiarraren oroimenezko eskulturan.

1937ko apirilaren 26an, suntsitutako herriaren hondakinen artean, mundu osoko kazetariak lehian ibili ziren albistea nork emango. Euretako batek soilik itxaron zuen biharamunera, eta Gernikara itzuli zen. 1937ko apirilaren 28ko Steer-en kronika ‘Times’ eta ‘New York Times’-eko azala izan zen.

Munduko iritzi publikoa kolpatu zuen aire eraso bortitzaren atzean naziak zeudela agerian utzi zuenean. Picasso bera ere orduan inspiratu zen koadro famatua egiteko. Horregatik, Steer-ek bere eskultura du Gernikan, eta urtero omentzen dute.

Alarma eta lore eskaintza

15.45ean puntuan, duela 83 urte bezala, alarma hots beldurgarria piztu dute gernikarrek, biktimen minarekin eta momentu latz harekin bat egiteko. Kanpai hotsak ere aditu dira.

Jarraian, 16.30ean, lore eskaintza egin dute Zalloko hilerrian. Hasieran Lakuako Gobernuak debekatu egin zuen ekitaldia, baina gero zuzendu eta baimendu egin zuen. Hori bai, Covid-19a dela-eta normalean jendez betea egoten den ekitaldia erabat ezberdina izan da. Dantzaria eta agintari gutxi batzuk ageri dira soilik argazkietan, bata bestearengandik distantzia batera eta maskarak jantzita. Bertan da, besteak beste, Jose Mari Gorroño alkatea.

Gorroñok adierazi duenez, «Gernikako herriari gelditzen zaion ondasunik handiena memoria historikoa da. Omenaldi honekin ahanzturaren kontra altxatzen da, memoria berreskuratzea baita berradiskidetzeko eta bakerako bidea».

Arratsaldeko ekitaldiak streaming bidez eman zituzten, Udalaren sare sozialen bidez.

Gauean, 21.30ean, kandelekin ibilbide bat egin ohi dute, baina aurten leiho eta balkoietan piztuko dituzte kandelak, biktimen omenez.