Naiz

#M1etxetik: Baionako karriketan iaz irudikatu zen batasuna balkoietara eramateko deia

Iaz Maiatzaren Lehenaren karietara Baionako karrikak zeharkatu zituen mobilizazio bateratuak utzitako zapore ona berriz dastatzeko deia luzatu dute Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek. Balkoiak eta leihoak aldarrikapenez betetzeko gonbidapena zabaldu dute. #M1etxetik lelopean argazkiak eta mezuak igortzeko deia egin dute ostiralean 11.50ean.

Manifestazio koloretsua egin zuten iaz Baionan Maiatzaren Lehenean. (Guillaume FAUVEAU)
Manifestazio koloretsua egin zuten iaz Baionan Maiatzaren Lehenean. (Guillaume FAUVEAU)

Iaz Maiatzaren Lehenaren karietara Baionan antolaturiko martxak aurrekari garrantzitsua markatu zuelakoan, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek heldu den ostiralean «balkoiak eta leihoak aldarrikapenez janzteko» deia luzatu dute. Balkoi eta leihoetatik mobilizatzeko deia egin dute, sarean eskegitako bideo baten bitartez.

2019ko Maiatzaren Leheneko deialdi bateratuak 6.000 herritar bildu zituen Lapurdiko hiriburuan. Zenbakietatik haratago, borroken batasunari buruzko mezu sakona utzi zuen iazko mobilizazioak.

«Gaur egun bizi dugun egoera ikusirik, aurten ezingo dugu manifestaziorik antolatu», adierazi dute #M1etxetik dinamikaren bultzatzaileek. Hala ere, «iaz kalean egin genuen bezala, aurten gure balkoi edota leihoetara aterako gira, konfinatutak egon arren, mobilizatuak segitzen dugulako», azaldu dute agiri baten bidez.

CGT, LAB, Aitzina, Bizi! eta Egiazko Berdintasunaren Alde (EBA) eragileek izenpeturiko agiriak manifestaldi «alai, aldarrikatzaile eta konfinatu baterako» deia jasotzen du.

Covid-19ak eragindako krisiak gizarte segurantza eta zerbitzu publikoen garrantzia argitara eman duen heinean «zerbitzu horietarako baliabide gehiago» eskatzea ezinbestekotzat jotzen dute antolatzaileek, «osasungintzako langileendako hilebete sari hobeagoak» eskatzen dutela.

Pandemiak, bestalde, «bazterkeria soziala eta prekariatearekin bukatzeko premia» erakutsi duela iradoki dute aipaturiko eragileek.

Hori dela-eta, ostiralean oinarrizko eskubideak -langabezi saria, erretreta sistema, etxebizitza duina, gutxieneko soldata- bermatuko dituen gizarte eredu berri baten alde egiteko deia zabaldu dute.

«Birusak mugarik ez duenez, gure herrian bizi diren migratzaileentzat legeztatzea» galdeginen dute, era berean justizia soziala eta erronka ekologikoa lotzen duen deialdi horren sustatzaileek.

Finean emazteen lan baldintzak hobetzeko aldarrikapena bere eginen dute. Hala «ospitaleetan, zahar-etxeetan zein saltokietan lehen lerroan diren emazteei eskaintzen dizkieten txalo hutsak baino aitortza hobea merezi dutela» aldarrikatu nahi dute. Hori dela-eta, gizon eta emazteen arteko soldata arrakalarekin bukatzeko eskatuko dute aurtengo Maiatzaren Lehena kari antolaturiko ekimen horrekin.

Ostiralean, 11.50ean, balkoi edo leihoetan aldarrikapen horiek erakusteko deia egin diete herritarrei, baita argazkiak egiteko eta #M1etxetik traola baliaturik sare sozialen bidez haien mezuak zabaltzeko ere.

Euskal Herria Baik deialdiarekin bat egin du herritarrak #M1etxetik dinamika babesteko deia luzatuz.