Dabid Lazkanoiturburu

Bi hilabeteren ondoren, AEBen eta talibanen arteko akordioa, hilzorian Afganistanen

Otsailaren 29an sinatu zuten akordioa Washingtonek eta talibanek baina bakea ez da oraingoz iritsi Afganistanera. Talibanek kabulgo Gobernuaren aurkako erasoak areagotu dituzte, presoen trukaketaren auzia dela eta. Trump Etxe Zuriko maizterrak nahi duen bakarra tropak etxeratzea dela ondo baitakite matxinoek.

Akordioa irudikatzen duen grafitia Kabulen. (Wakil KOHSAR | AFP
Akordioa irudikatzen duen grafitia Kabulen. (Wakil KOHSAR | AFP

Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta talibanek akordioa sinatu zutenetik bi hilabete igaro diren honetan liskarrek gora egin dute eta bake prozesua hilzorian dago.

Estatubatuar tropak salbu daude, momentuz, baina matxinoek Kabulgo indarren aurkako erasoak areagotu dituzte –atzo bertan lau hildako eragin zituen eraso suizida baten Defentsa Ministeritzan, hiriburuan– eta koronabirusa dela eta Washingtonek eta Gobernu afganiarrak su eten baterako deiari gor egin diote talibanek.

Bake prozesua ez dago hilda baina bai Zaintza Berezien Unitatean», ziur da Ashley Jackson, Overseas Development Institute-ko aditua. «Inork ez daki zenbat denbora egingo duen hondoratzen den arte».

Akordioa sinatu zenetik, otsailaren 29an, talibanek 5 eraso egin dituzte. Ez dira bakarrak. Kabulgo indarrek talibanek baino haur gehiago hil dituzte, batez ere aire erasoetan, urteko lehen hiru hilabeteetan, Nazio Batuek salatu dutenez.

Trump, amorratuta

Aditu batzuen ustez, liskarrek gora egitea saihetsezina zen, «akordio-testuaren idazkera korapilatsua eta AEBek talibanen eskaera ia guztiei men egin» omen zietela kontuan hartuta.

«(Donald) Trumpek tropak ahalik eta azkarren etxeratzea nahi du eta talibanek ondorioztatu dute Gobernu afganiarren aurkako gerrarekin jarraitu dezaketela», diote.

Nishank Motwani estrategia adituak argi du «talibanek garaile atera direla uste dutela» eta «akordioa ez zela egin Afganistanera bakea eramateko, itxurak eginez tropak atera ahal izateko baizik».

Atzeratzen hasi dira, jada, eta Trump Afganistanetik irtetzeko amorratuta dago, bai ala bai», dio Michael Rubinek, American Enterprise Institute-ko kideak. «Horretarako afganiarrek sakrifikatu behar badute, hor konpon».

Negoziaketetik at utzi bazuten ere, akordioak Kabulgo Gobernua 5.000 atxilotu taliban askatzera behartzen du.

Trukean, talibanek indar afganiarren 1.000 arma gizon askatu beharko lituzke. Presoen trukaketa, martxoaen 10erako aurreikusita zegoena, eten egin da.

Talibanak ez daude gai honetan amore emango eta koronabirusak jota preso bakar bat hiltzen bada akordioa bertan behera utziko dutela ohartarazi dute.

Hori guztia gutxi balitz, Kabulgo Gobernuaren barruan ostikoka ari dira presidentea, Ashraf Ghani, eta lehen ministroa, Abdullah Abdullah, iazko hauteskundeak nork irabazi zuen ikamikan. Talibanekin aho batez negoziatu ahal izateko auzi horrekin amaitzea ezinbestekoa dela argi du Exekutiboak.

Izan ere, Kabulen eta talibanen arteko elkarrizketa ez da guztiz eten, ezta trukaketaren inguruko krisiaren erdian ere.

International Crisis Group-eko analista den Andrew Watkins-en esanetan, «behintzat eztabaidatzen jarraitzen dute, liskarretan ari diren bitartean».