«Arazoa ez konfinatu!» Ipar Euskal Herrian abiatu berri den ekimena da. Emazteen kontrako erasoak eta lan mundua ardatz harturik, emazteek jasaten duten zapalkuntzaren arazoa azaleratu eta salbuespen egoera honetan zapalduen arteko elkartasun sare bat osatu nahi dute.
Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sareak bultzatu zuen gogoetatik abiatuta, krisi egoera honetan emazteek pairatzen duten zapalkuntzaren egoera agerian uztea da bere lehen urratsak eman dituen dinamikaren helburua.
Itxialdiaren garaian, bortizkeria pairatzen duten emazteak 24 orduz beren erasotzaileekin daudela eta erasoen larritasuna zein maiztasuna handitzen dela nabarmendu dute dinamikaren sustatzaileek agiri baten bidez.
Krisiak beste hainbat ondorio ekarri dituela mahaigainean jarri nahi dute. «Emazteak haien senarraren lan sariei lotuak dira», ohartarazi dute, zaintza lanei aipamen berezia eginez.
«Sistemaren interesetan oinarritutako lan banaketa sexuala indartuko dela» beldur dira dinamikaren sustatzaileak. «Emazteek ordaindu gabe zein ordaindurik egiten ditugun zaintza lan guztiak azkartuko dira, emaztearen sozializazioa eta rola betikotuz», salatu dute.
Behar duten emazteei laguntza non eta nola ahal duten jaso azaltzen dituzten kartelak mailez banatu eta norberak bere etxeko atarian edo auzoan jartzeko gonbidapena eginen dute.
Afixa horietan emazte langileek bizi duten «egoera larria» agerian jartzeaz gain, zaintza eta elkartasuna adierazteko moduak jaso dituzte.
«Lanetik kanporatua izan zara? Lanera joaten behartzen zaituzte krisi sanitarioa dela eta? Zaintza lan guztiak egitearekin indar husten ari zara?…». Hainbat kasu aipatu ondotik, izena eta telefonoa jakinarazteko aukera ematen dute, laguntza eskuratzeko xedez.