NAIZ
KHARTUM

Emakumeen genitalen mutilazioa zigortuko du Sudanek

Sudanen oso errotuta dagoen emakumeen genitalen mutilazioa zigortzeko legea onartzear da bertako Gobernua. Praktika anker hori gehien erabiltzen duen herrialdeetako bat da Sudan. 

Emakumeen mutilazio genitala zigortzeko legea onartzear dira Sudanen. (Unicef)
Emakumeen mutilazio genitala zigortzeko legea onartzear dira Sudanen. (Unicef)

Abdala Hamdok lehen ministroaren bozeramaile Al-Barag al-Nazirrek Efe berri agentziari azaldu dionez, legea heldu den astearen amaieran edo hurrengoaren hasieran onartuko dute, Ministroen Kontseiluak eta Kontseilu Subiranoak, Sudango bi organo nagusiek, bilera egiten dutenean.

Al-Nazirren arabera, apirilaren 22an Gobernuak onartu zuen «lege zirriborroak» hiru urteko espetxe zigorra ezartzen zuen emakumeen mutilazio genitala egiten duenarentzat. Ebakuntza egiten den ospitaleari, osasun zentroari edo klinika pribatuari lizentzia kentzea ere aintzat hartzen zuen proposamenak.

UNICEF Nazio Batuetako Haurrentzako Funtsak txalotu egin du Sudanen egitear diren «keinu historikoa» eta herrialdea «aro berri batean» sartuko dela nabarmendu du.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, Sudan da genitalen mutilazioa gehien egiten den herrialdeetako bat, 15 eta 49 urte bitarteko emakumeen %86,6ri egin baitiete ebakuntza anker hau.

Orain arte, Sudango legeak ez zuen halakorik zigortzen, baina Haurrentzako Estatu Kontseiluak ablazioa kriminalizatzeko proposamena aurkeztu zuen 2017an, artean Al-Bashir Gobernuan zela.

Erakunde horretako zuzendari Amira Musaren esanetan, diputatu erradikalen eta praktika hori «herentzia sozialtzat jo» eta defendatzen duten beste talde batzuen eraginez, Parlamentuak atzeratu egin zuen legearen onartzea.

Sudango GKEak lege zirriborroaren alde agertu dira, baina desadostasunak ere adierazi dituzte.

Nahed Gabrala Emakume eta Haurren Eskubideak Babesteko Zentroko buruak «Sudango emakumeentzat garaipena» dela uste du eta legea praktika anker horrekin «amaitzeko urrats garrantzitsua» dela gaineratu du.

Baina Siham Omar-ek, Silmyia gobernuz kanpoko erakundeko idazkari nagusiak, azaldu du legea «ez dela nahikoa», alabei indarkeria mota hori jasaten uzten dieten gurasoak ere zigortu behar direla iritzita.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, gutxienez 200 milioi emakume eta neskatok jasan dute genitalen mutilazio osoa edo partziala osasunarekin zerikusirk ez duten arrazoiengatik, gutxienez 30 herrialdetan.

Biktimen erdia baino gehiago Egipton, Etiopian eta Indonesian daude; herrialde horietan ablazioa debekatuta dago legez, baina ezkutuan praktikatzen jarraitzen dute.