NAIZ

Italian eta Britainia Handian koronabirusagatik hildakoen kopuruak beherantz egiten du

174 heriotze gehitu dira Italian, pandemia hasi zenetik kopururik baxuena. Britainia Handiko 315 heriotze kasuek martxoaren amaierako kopuruak gogorarazten dituzte.

Michael Gove, Britainia Handiko Gobernu ministroa. (Pippa FOWLES / AFP PHOTO)
Michael Gove, Britainia Handiko Gobernu ministroa. (Pippa FOWLES / AFP PHOTO)

Oraindik ere nahi baino heriotze eta kutsatu kopuru handiagoa duten arren, COVID-19aren kurba gainbeheran dagoela dirudi hala Italian nola Britainia Handian. Azken 24 orduetan aspaldiko heriotze tasa baxuena izan dute biek ala biek.

Italiak, esaterako, 174 kasu gehiago jakinarazi, azken zortzi asteotako zifrarik baxuena, alegia, Babesgo Zibilak aditzera eman duenez.

Italiako kutsatze kasuek ere beheranzko joera hartu dute, eta azken egunean 1.389 kasu gehiago izan dira; 210.717 kasu guztira, otsailaren 21ean herrialdeko aurreneko kasua antzeman zenetik.

Gaur egun, 100.179 pertsona positibo daude; hau da, 525 gutxiago azken 24 orduetan, eta guztira 81.654 pertsona sendatu dira, 1.740 azken egunean.

Egungo positiboen %81 etxean isolatuta daude, eta ospitalean dauden pertsonen kopurua murrizten ari da, 17.000 pasatxo baitira Italia osoan; horietatik 1.500 inguru zainketa intentsiboetan daude.

Oraindik ere Lonbardia da Italiako lurralderik kolpatuena. COVID-19a duten edo pasa duten 77.000 kasu eta 14.200 hildako zenbatu baitira bertan.

Britainia Handian, berriz, 315 heriotze berri, martxoaren azken egunetako kopuruetan, hain zuzen, izan dira. Guztira 28.466 pertsona hil dira gaixotasunaren ondorioz –hirugarren tasarik handiena, Estatu Batuen eta Italiaren atzetik– eta azken egunean 4.339 infekzio berri baieztatu dira, Michael Gove Gobernu ministro britainiarraren prentsaurreko batean azaldu duenez.

Fase berri baten sartu bezperatan

Egia bada pandemiaren gogorrena pasa dutela aipatu bi herrialdeek, egia da baita ere berriz ere martxan jartzeko neurriak hartzeko unea iritsi zaiela.

Esaterako, Italiak astelehen hontan hasiko du epidemia horren aurkako neurrien bigarren fasea, jarduera ekonomikoen pixkanakako irekiera motel batekin eta mugimenduen murrizketa batzuen arintzearekin.

Britainia Handian, ostera, aste batzuetako atzerapena daramate. Hala, Gobernutik adierazi dute 76.496 test egin zituztela bezperan gaixotasuna detektatzeko, helburu gisa ezarri dituen 100.000 egunkarietatik behera. Michael Govek azpimarratu duenez, Gobernuak aste honetan argitaratuko du planaren xehetasunak aurreratuko dituen bide orria, distantzia sozialeko neurriak murrizten hasteko, baina ohartarazi du estrategia hori ezingo dela martxan jarri baldintza jakin batzuk bete arte.

Ministroak adierazi duenez, eguneroko infekzioek eta heriotzek behera egiten jarraitu behar dute, osasun-sistema publikoak beharrezko baliabideak izan behar ditu, eta, batez ere, ospitaleak kolapsatuko dituen pandemiaren bigarren bolada bat gertatzeko arriskua murriztu behar da.

Gobernua sindikatuekin eta patronalekin hitz egiten hasi da, «lan-ingurune ziurrenak» bermatzeko plan bat adosteko.

Boris Johnson lehen ministroak «plan zehatza» aurkeztuko du datozen egunetan, «ekonomia nola jarriko dugun martxan, haurrak eskolara nola itzul daitezkeen, eta segurtasun handiagoz nola bidaiatu eta lan egin dezakegun azalduko duena», esan du Govek.