NAIZ

Munduko Medikuak GKEak alarma piztu du Tinduf hirian izandako sei kasu positiboren ondotik

Aljerian 4.200 kutsatu dauden arren, saharar kanpalekuetan bertan ez dago positiborik oraindik. Hala ere, bertan bizi diren 170.000 pertsonen «zaurgarritasuna» azpimarratu du erakunde honek.

Tindufeko kanpalekuak, artxiboko irudi batean. (Ryad KRAMDI/AFP)
Tindufeko kanpalekuak, artxiboko irudi batean. (Ryad KRAMDI/AFP)

Munduko Medikuak erakundeak alarma piztu du saharar errefuxiatuen egoera kritikoaren inguruan, iragan ostiralean Aljeriako Osasun Ministerioak Tinduf hirian sei koronabirus kasu baieztatu ostean, azken hamarkadetan bizi diren kanpamentuetatik oso gertu.

GKEarentzat, egoera hau «erloju bonba» bat da. Aljeriak bere herrian hartzen ditu sahararrak, baina Covid-19aren pandemiak gehien zigortzen dituen Afrikako herrialdeetako bat da berau. Orain arte 4.200 kutsatu eta 453 hildako laga ditu.

Aljeriak ezarritako prebentzio-neurriei, hala nola mugak ixtea, Saharako prebentzio-batzorde batek kanpamenduen (wilayak) eta gizarte-hezkuntzako zentroen itxiera gehitu die, ekitaldi publikoak eta bilerak debekatuz, eta mugimenduak oinarrizko zerbitzuak bermatzeko behar-beharrezkoak direnetara mugatuz, hala nola elikadura-dendetara.

Gainera, herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak antolatu dira, baita wilaia bakoitzeko osasun-egitura berrantolatu eta indartu ere.

«Neurri posible guztiak hartu ditugu. Tokiko eta eskualdeko taldeak sortu ditugu, banatutako profesionalekin, kasuak detektatzeko eta neurrial ezarri ahal izatea ziurtatzeko. Jaimaz jaima -lonazko saharar etxea- eta familiaz familia ari gara joaten neurri horiek irakasten», azaldu du Abderahaman Mohamed Lehbib doktoreak, batzordeko presidenteak, alegia.

«Sahararrek 44 urteko deserriratzeari, muturreko tenperaturei, nazioarteko laguntza gero eta estuagoari eta etorkizun falta nabarmenari aurre egin behar izan diote. Oraingoz, pandemiaren kutsadurari ere aurre egiten ari dira, mundu osoa arriskuan den honetan», ohartarazi du gobernuz kanpoko erakundeak.

Saharar batzordeak gogorarazi du errefuxiatuak oso biztanleria zaurgarria dela, osasun-sistema prekarioa duela, baina berretsi du bestalde oraingoz kasu positiborik gabe daudela herritarren artean, nahiz eta 170.000 pertsona inguru bizi diren, gutxi gorabehera.

Hala ere, Saharako osasun-sistema laguntza humanitarioko erakundeen mende dago, bai ekonomikoki baita egiturari dagokionez ere, eta Aljeriako Osasun Ministerioaren lankidetza puntualaren mende. Bere azpiegitura prekarioak, Rabuni hiriburu administratiboan ospitale bakarra dago eta barruti bakoitzean (dairak) anbulatorio xumeak ditu, muturreko egoera bati aurre egin beharko dio, non eta horrelako pandemia bat tartean dela.

ZIU bat bera ere eduki gabe, PCR probetarako laginak Aljeriako hiriburura bidali behar dira –1.700 kilometrora dago– hegazkin militar batean.

Era berean, krisi honek eragina izan du errefuxiatuen osasunerako eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren sendagai eta ekipoen sarbide erregularrean. Baita osasun mentaleko edo txertaketako programetan eta mediku-batzordean ere, hala nola paziente kronikoena edo patologia oftalmologikoak dituztenena, bertan behera utzi behar izan baitutuzte.

Larrialdi egoera

Egoera hain delikatuak izanik, Munduko Medikuak erakundeak, duela hogei urte baino gehiagotik kanpamenduetan lan egiten duen eta herritarrei funtsezko sendagaien %80 ematen dien erakundeak, larrialdiko botikak eta hornidurak erosi ditu (arnasketa-euskarria, analgesikoak, antibiotikoak, sodio kloruroa, etab.), osasun-larrialdi baten balizko inpaktua arintzeko, Espainiar estatuko Osasun Agentziaren funtsen dohaintzari esker.

Gainera, Aljeriako Ilargi Erdi Gorriak (CRA) 154 tonako laguntza solidarioa eman die saharar errefuxiatuei Ramadanaren hilabete sakratua dela-eta. Laguntza horrek oinarrizko elikagaiak barne hartzen ditu, eta horrez gain, Covid-19aren prebentziorako mediku eta farmazia-taldeen 263.100 unitate inguru ere bildu ditu: maskarak, eskularruak, test azkarreko kitak eta desinfekzio-produktuak barne.