NAIZ

Covid-19ak 247.000 hildako eta 3,5 milioi kutsatu utzi ditu munduan

247.000 lagun hil dira munduan eta 3,5 milioitik gora kutsatu koronabirusaren eraginez, AEBetako Johns Hopkins Unibertsitatearen azken balantzearen arabera. AEBak nabarmentzen dira, 67.000 hildakorekin eta egunean 25.000 positibo gehiagorekin.

Danimarkak 9.000 kutsaturen langa gainditu du. (Henning BAGGER/AFP)
Danimarkak 9.000 kutsaturen langa gainditu du. (Henning BAGGER/AFP)

Astelehen goizeko 9.30ean eguneratutako datuen arabera, 3.507.424 koronabirus kasu daude mundu osoan, eta 247.947 lagun zendu dira birusarekin, 187 herrialde eta lurraldetan. Sendatutako pertsonak, aldiz, 1,12 milioi dira. AEBak ageri dira sendatuen kopuruan buru, osatutako 180.152 lagunekin; ondotik datoz Alemania, 132.700ekin eta espainiar Estatua, 118.902rekin.

Bertze egun batez, Ameriketako Estatu Batuak dira munduko herrialderik kaltetuena, bai kutsatze bai heriotza kopuruan. 25.000 kasu gehiago antzematen dituzte egunero-egunero eta dagoeneko 1.158.041 positibotara eta 67.682 hildakora iritsi dira. New Yorkeko estatuak segitzen du epidemiaren erdigune izaten: 316.415 kasu eta 24.708 hildako ditu.

Espainiar Estatua, bigarren kutsatuena

Espainiar Estatuak bigarren estaturik kutsatuena izaten jarraitzen du, 217.466 positibo eta 25.264 hildakorekin, Italiaren aitzinetik. Azken honek 210.717 kutsatu ditu eta espainiar Estatuak baino hildako gehiago, 28.884.

Britainia Handiko hildakoen kopuruak izugarri egin du gora azken astean, ospitaleetatik kanpo zendutakoak ere zenbatzen hasi direnetik. 187.842 pertsona kutsatu dira eta 28.520 hil. Estatu frantsesa gainditu du hala. Bertan, 168.925 lagun kutsatu eta 24.900 hil dira. Alemanian, berriz, 165.664 positibo eta 6.866 hildako baieztatu dituzte.

Brasilen, 100.000 kutsatutik gora

Errusiak Turkia gainditu du, eta zazpigarren postuan kokatu da kutsatze kopuruaren munduko rankingean, 134.687 kasurekin eta 1.280 hildakorekin. Azken balantzean 10.000 kasu gehiago zenbatu ditu. Turkiak, aldiz, 126.045 positibo eta 3.397 hildako baieztatu ditu. Atzetik dator Brasil, Iran aurreratu berri, 100.000 kasuak gaindituz (101.826 positibo ditu) eta 7.051 hildakorekin. Iranek 97.424 positibo eta 6.203 hildako ditu, Txinak baino gehiago. Pandemia hasi zen herrialdean 83.964 kasu eta 4.637 hildako daude.

Hamabigarren postuan, Kanadak 60.504 herritar ditu koronabirusarekin eta 3.795 hildako eragin ditu birusak. Belgikak, berriz, 49.906 kasu eta 7.844 heriotza izan ditu.

Herbehereek, Indiak eta Peruk 40.000 positiboren langa gainditu dute; eta 20.000 kutsatu baino gehiago dituztenen artean daude Suitza, Ekuador, Saudi Arabia, Portugal, Mexiko, Suedia, Irlanda eta Pakistan.

Txilek eta Singapurrek 10.000 positibo baino gehiago

10.000 kutsatu baino gehiago dituztenen artean, Txile, Singapur, Bielorrusia, Israel, Austria, Qatar, Japonia, Arabiar Emirerri Batuak, Polonia, Errumania, Ukrainia, Indonesia eta Hego Korea daude.

9.000 positiboren langa gainditu dutenak, berriz, Danimarka, Serbia, Bangladesh eta Filipinak dira, besteak beste. Dominikar Errepublika, Norvegia, Txekiar Errepublika, Kolonbia eta Panamak 7.000 kutsatu baino gehiago dituzte; eta Australia, Hegoafrika, Egipto eta Malaysiak, 6.000tik gora. Finlandiak 5.000 baino gehiago ditu.