Dabid Lazkanoiturburu

ISISaren eraso-erakustaldia Iraken, baina ez kalifatoa berreskuratzeko adina

Iraken Estatu Islamikoa erakunde yihadista ez da iragana, azken atentatu andanak erakusten duen moduan. Baina, adituen ustez, min egiten badu ere, batez ere suniak gehiengoa diren eskualdeetan, Kalifatoa sortu zeneko ahalmenetik oso urrun dago.

Hashed al-Shaabi milizia xiien kide bat erasoaren hondakinei begira. (Ahmad AL-RUBAYE/AFP)
Hashed al-Shaabi milizia xiien kide bat erasoaren hondakinei begira. (Ahmad AL-RUBAYE/AFP)

Egoera ezinhobea da Estatu Islamikoaren (ISIS) itzulerako. «Nazioarteko Koalizioaren» tropek alde egin dute Iraketik Covid-19 pandemiaren aitzakiarekin. Duela bost hilabetetik Irakek ez du Gobernu sendorik eta behin behineko Exekutiboa eguneko kontuetaz baino ez da arduratzen. Eta, gainera, Indar Armatuek nahiko lan dute koronabirusa zabaldu ez dadin konfinamendu neurriak betearatzen.

Pasa den larunbat egunsentian azkenaldiko erasorik odoltsuena egin zuen ISISek. Makina bat zelulek, elkarlanean, check-point bati eraso egin zioten eta gero laguntzan iritsi zen konboiari segada egin zioten.  

Salahedin probintzian izan zen erasoa, Mukeshefah herrian. Ondorioz milizia xiiek osatzen duten Hashed al-Shaabi taldearen hamar kide hil ziren, Ramadanen erdi erdian.

Irakek 2017aren bukaeran ISISaren kalifatoaren aurka garaipena iragarri zuenetik ez diote erasotzeari utzi basamortuan eta eskualde malkartsuen kobazulotan ezkutatu ziren zelula yihadistek.

Baina apirilaren hasieratik ugaldu egin dira erasoak: errepidetan leherkariak, konboien aurkako tiroketak, Estatuaren ordezkarien aurkako atentatuak…. Hutsik dauden herrixketatik –bertako biztanleek errefuxiatu eremutan jarraitzen dute– antolatzen dituzten eraso hauekin «beldurra hedatu nahi dute, eta bide batez taldearen ekimena bultzatzeko beharrezkoa duten dirua lortzeko baliabideak berreskuratzen ari dira, kontrabandoa, bahiketak…», dio Hicham al-Hachemi yihadismoan adituak.

Kirkuken eta Diyalan ere

Erasoak ez dira Salahedin eskualde sunira mugatzen. Kirkuken, –kurduen hiriburu historikoa den baina egun Bagdaden menpe dagoen hiriko probintzian–, martxotik hona erasoak hirukoiztu egin dira. Intelijentzia Zerbitzuen Koartel Nagusiak eraso-suizida jasan du azken asteetan.

Diyalako probintzian, ipar-ekialdetik Bagdadekin muga egiten duen landa eskualdean, nekazariak beldur dira eta ez dira ausartzen beren soroetara joaten. «2014an gertatu zena datorkit burura», kexu da Adnane Ghadbane. Bere bi lehengusu ospitalean daude, lanean zeudela yihadistek beraien aurka tiro egin ondoren.

Ghadbane tribu sunien buruzagietako bat da Baquban, Diyalako hiriburuan. «Soldaduak konfinamendua betearazten ari dira eta yihadistak aiseago mugitu daitezke».

Ez da, hala ere, koronabirusarena ISISak profitatu dezakeen arazo bakarra, Irakek bere gertuko historian bizi duen krisi sozial eta politiko gordinenaren erdian.

Krisialdi politikoa

«Yihadistek gertu-gertutik jarraitzen dute egoera politikoa», ohartarazten du Fadel Abou Reghif adituak. Lehen ministro kargurako bi hautagaik amore eman behar izan dute eta hirugarrenak nahiko lan du, protestekin jarraitzeko kalera noiz irten ahal izango duten irrikitan dauden herritarren aurrean.  

Segurtasun arloan,  Ameriketako Estatu Batuek (AEB) zalantzan jarri dute Irakeko tropak gai ote diren bere «Koalizioaren laguntzarik gabe» ISISaren aurka operatibo esanguratsuak aurrera eramateko.

Dena den, aditu guztiak bat datoz, erasoak ugaldu egin diren arren, ISISak ez duela, egun behintzat, 2014an moduan herriak eta probintzia osoak mehatxatzeko ahalmenik.

«ISISak ez du bere hasierako forma berreskuratuko, Britainia Handiko azalera zuen kalifatoarena hain zuzen», ziur da Abou Reghif.
 
«Nazioarteko Koalizioaren» ustez ere erasoak ugaldu bai baina «intentsitatze urrikoak» direla argi dute.  «Garrantzitsuena ez da erasoen kopurua, eraso hauek erakusten duten indarra eta konplexotasuna baizik. Ze arma erabiltzen dute, zeintzuk dira erabili diren estrategiak? Horra hor gakoa», azpimarratzen du bozeramale batek.

Sam Heller ere bat dator 2014 urteko egoeraren atarian ez gaudela. «Erasoak ugaltzeak ez die kalifatoa itzuliko. Oldarkortasuna adierazten du, bai, baina horrek ez du esan nahi ISISak ahalmen berriak edota izugarriak duenik».