Osasun protokoloak hala aginduta, neurri zorrotzak bete beharko dituzte datorren astelehenetik aurrera Ipar Euskal Herriko ikastola eta kolegioetan. Maddi Zubeldia Azkaineko Ikastolako zuzendaria da eta Informazioaren Harian azaldu du egokia iruditzen zaiola ikasleak ikastetxeetara bueltatzen hastea. Ez zuen espero, ordea, Frantziako Gobernuak hain neurri zorrotzak ezartzea. «Neurriak hain dira zorrotzak, azkenean protokolo horrek beldurra eta atsekabea sortzen duela».
Gobernuak 63 orrialde dituen protokoloa zabaldu du Frantziar Estatuko ikastetxe guztietara. Zubeldiak adierazi du hasieran Emmanuel Macron presidenteak adierazi zuela ikastetxe bakoitzaren egoerara egokitutako neurriak bilduko zituela protokoloak, baina azkenean ez da horrela izan, bere esanetan.
Mañolo Espellet Baionako Estitxu Robles kolegioko zuzendaria ere era berean mintzatu da. Adierazi du zalantzak sortzen dizkiola protokoloan agertzen diren neurriak betetzeko gai ez izateak. «Zehatza da biziki protokoloa». Azaldu du erabiltzen den ikasgela bakoitza egunean bi aldiz desinfektatu beharko dutela eta behin, erabiltzen ez direnak. «Baliabide arazo handiak izango ditugu».
Maddi Zubeldiak protokoloak jasotzen dituen beste neurri batzuk azaldu ditu; hala nola, arazo handienetako bat haurrak gurutzatu ezin izatea da bere hitzetan. Horrek pasilloak, eskailerak, ikasgelak edo patioak bereizi beharra dakar. «Burua hausten ari gara horrekin». Horrez gain haurrek elkarren arteko distantzia mantentzea adin batzuetan oso zaila izango dela azaldu du. «Lau urteko haurrei nola esango diegu distantziak mantendu behar dituztela?».
Hala ere, neurri batean Azkaineko Ikastolan zortea izan dutela dio Zubeldiak. Ikastetxera zein ikasle joango diren gurasoei galdetuta erabaki dute, eta horrek mesede handia egin diela adierazi du.
Mañolo Espelletek dio edukiak antolatzea ere oso zaila ari dela izaten. Kontuan hartu behar da ikasle guztiak ezin izango direla ikastetxera hurbildu, eta ez dela berdina izango aurrez aurreko klaseak jasotzen dituzten edo etxetik jasotzen dituztenen ikasketa.
Malgutasun apur bat gustatuko litzaieke
Maddi Zubeldiak dio badakiela baliabideak eskatzeko dagoeneko berandu dela, eta datorren astelehenetik aurrera ahal duten neurrian hasiko direla lanean. Hala ere, Frantziako Gobernuari malgutasun pixka batekin jokatzeko eskaria egingo liokeela adierazi du. Badaki irakasleentzako egoera zaila izango dela, baina ikasleak ere egoera berezian egongo direla kontuan hartu behar dela dio. «Harreman eta emozio aldetik frustrazioa ez dadila handiegia izan». Mañolo Espelletek ere bat egin du ideia horrekin, eta pazientzia ezinbestekoa izango dela gaineratu du.