NAIZ

Zubietako erraustegiaren ondoko erreka batean izandako isurketa ikertzen ari dira

URA agentzia eta Usurbiko Udala Zubietako erraustegiaren ondotik igarotzen den Arkaitzerrekan izandako isurketa ikertzen ari dira. Bizilagunek egin zuten salaketa atzo, ehunka aingira eta arrain txiki hilda agertu ondoren.

Errekan agertutako hildako aingirak eta aparra. (@AgurtzaneSola))
Errekan agertutako hildako aingirak eta aparra. (@AgurtzaneSola))

Zubietako erraustegiaren ondotik igaro eta Oria ibaira doan Arkaitzerrekako uretan, aingirak eta arrain txikiak hilda agertu dira. “Argia” hedabideak bildutako herritarren testigantzen arabera, uretan aparra ere ikus zitekeen zenbait gunetan.

Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak azaldu duenez, Ingurumen zinegotziarekin batera bertaratu da gaur errekara, eta baieztatu dute gaur oraindik ere errekan aingira eta arrain txikiak hilda eta aparra ikus daitezkeela.

Bere Twitter kontuan zehaztu du atzo URAK eta basozainak laginak hartu zituztela eta haiekin harremanetan dagoela udal gobernua. «Donostiako Udalari eta GHKri bihar bertan isuria argitzeko» eskatuko dietela esan du udal mandatariak, eta gaineratu du «Usurbil aldeko errexkan ur lagina eta topatutako arrain hilak» hartu dituztela «kutsadura argitzeko asmoz».

GHK: erraustegiak «zirkuitu itxia» du

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) partzuergoak ohar baten bidez adierazi du Zubietako erraustegiak erabiltzen dituen urak «zirkuitu itxi» batetik doazela eta arazketarako berezko sistema dutela.

GHK-k nabarmendu duenez, erabiltzen diren urak ez doaz inongo ibaietara. Gaineratu du errekara ura isurtzen duen instalakuntza bakarra euri-urak hartzen dituen depositu bat dela.

Larunbatean izandako isurketaren ikerketa URA agentziaren eskuetan dagoela esan du GHK-k, eta zehaztu du aurretik gertatutako antzeko egoeretan ikerketek baieztatu dutela kutsaduraren jatorriak Zubietako erraustegiarekin zerikusirik ez zuela.

GuraSOS: Ingurumen baimenak isurketak aipatzen ditu

GHK-k zabaldutako informazioa egiazkoa ez dela adierazi du Gurasos kolektiboak idatzi batean. Bertan dioenez, erraustegiaren ingurumen baimenak berak jasotzen du jarduerak isurketak eragin ditzakeela euri-uren bidez eta hauek dekantagailu batetik igaro ondoren Arkaitzerrekara doazela.

Honen ondoan aipatzen du ez dela egia erraustegiak kanpora inongo isurketarik egiten ez duenik, deposituaren mantenu lanetarako baimenak Añarbera isurtzea aurreikusten baitu, nabarmentzen duenez.

GuraSOSen esanetan, auzia URA agentziaren eskuetan egon izanak «ez du bermerik» ematen. Zehazten duenez, URAren zuzendaritza Ernesto Martinez de Cabredoren eskuetan dago, Zuribar SL enpresako presidentea dena eta enpresa horretan kontseilari da Ignacio Barinaga Eguia Verter Recycling 2012ko jabea.

Era berean, gezurtatu du aurretik antzeko isurketarik egon denik, eta gogoratu du URA agentziako teknikari batek Euskadi Irratian egindako adierazpenetan azaldu duela azken 10 urteetan ez dela jazo horrelako gertakaririk.