Haritz Larrañaga

«Hondartza dinamikoei» argi berdea eman die prefetak, larunbatetik aurrera

Maiatzaren 16tik aurrera Lapurdiko hondartzak irekitzeko baimena eman du Eric Spitzek, Pirinio Atlantikoetako prefetak. Lapurdiko kostaldean diren zortzi herrietako auzapezekin bildu ostean eman du erabakiaren berri. Hasiera batean, «hondartza dinamikoak» izango dira eta helikoptero batek zainduko du kostaldea.

Hondartzak ireki arren ezingo da bertan eguzkia hartu edo lagun artean geldirik egon. ©Guillaume Fauveau
Hondartzak ireki arren ezingo da bertan eguzkia hartu edo lagun artean geldirik egon. ©Guillaume Fauveau

Maiatzaren 11n hasi ziren konfinamendutik ateratzen Ipar Euskal Herrian. Aldi berean, gutun bateratu bat igorri zioten Pirinio Atlantikoetako prefeteri Lapurdiko kostaldeko zortzi herrietako auzapezek. Izan ere, Frantziako Gobernuak lekuko prefeten esku utzi zuen hondartzen irekiera antolatzeko ardura.

Goizean dendari eta artisauekin izan ostean, auzapezekin bildu da arratsaldean Eric Spitz prefeta eta bilkuraren ostean iragarri du maiatzaren 16tik aitzina Lapurdiko hondartzak irekitzeko egitasmoa abian dela.

Herri bakoitzeko Udalari dagokio hondartzen irekiera antolatzea, baina ordutegia eta arautegi orokorra guztietan berbera izango da. Hasiera batean, «hondartza dinamikoak» izango dira, hau da, oinez ibili, korrika egin, eta itsas kirolak egin daitezke, baina eguzkia hartu edo lagun artean biltzea debekatuta egongo da.

Hondartzak goizeko bederatzietan ireki eta arratsaldeko zazpietan itxiko dira, eta prefetak azaldu duenez, helikoptero bat zelatan arituko da neurriak betetzen direla ziurtatzeko.

Hondartzen erabilera baimentzeko eskatu duten zortzi herrietatik bat kanpoan geratu da, Urruñakoa alegia. Ondorioz, Hendaia eta Ziburu artean dagoen kostaldean zein Zokoako portuan dagoen hondartza txikiko sarrerek itxita jarraituko dute. Aldiz, Ziburuko lurretan dagoen Zokoako hondartza nagusia erabili ahal izango da.

Izan ere, Hendaian, Ziburun, Donibane Lohizunen, Getarian, Bidarten, Biarritzen eta Angelun, maiatzaren 16tik aurrera hondartzen erabilera baimendua izango da, betiere segurastun neurriak betez eta udalerri bakoitzak ezarritako arauak jarraituz.