Naiz

Txirrindulariek beste bederatzi kilometroko ibilbidea egin dezakete BAB hirigunean

Dirudienez, konfinamendu denboran trafikoan izan den geldiuneak hirian bizikletek ukan behar duten lekuaz gogoeta azkartu du. Bizi!, Txirrind’Ola eta Avap elkarteekin harremanetan jarri ondotik, erakundeek Biarritz-Angelu-Baiona hirigunean hiru bide berri -orotara bederatzi kilometro- irekiko dituzte bi gurpildun garraioaren erabiltzaileentzat.

Bizikletari eta baita garraio publikoari ere lehentasun ematea eskatzeko Baionan Bizi! mugimenduak eginiko ekintza bat. (Bob EDME)
Bizikletari eta baita garraio publikoari ere lehentasun ematea eskatzeko Baionan Bizi! mugimenduak eginiko ekintza bat. (Bob EDME)

Mugikortasun sindikatuak etxetik lanera bizikletaz mugitzeko behin-behineko bide berriak ireko ditu aste honetatik landa.

Gaurtik aitzinera, Aritxagueko etorbidean Beyris eta Les Pontots biribilguneak lotzen dituen tartean norabide bakarreko bi errail ideki dituzte.

Orain arte soilik autoek zirkulatzen ahal zuten bertatik. Ekainean, berriz, RD810 errepidean hasiko dira lanak, Marechal Soult etorbidetik Fnac dagoen bidegurutzeraino, gisa horretan autobusentzat eta bizikletentzat errail bat bermatzeko.

Lehen urratsa da. Orotara espresuki bizikletaren erabiltzaileek baliatu ahalko dituzten bederatzi kilometro berri izanen dira. Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariaren ustez, erabaki horrekin «paradigmaz aldatzen dugu».

Esperimentazioa iraila bitartean

Ekainaren 8tik landa, Balichonetik Europako biribilguneraino, BAB etorbidean bi errail izanen dira bizikletentzat, Baiona eta Biarritzeranzko norabidean. Udan gehiago hedatuko dute bide hori, Europako biribilgunetik Kleberrekoriano, hain zuzen.

Behin-behineko errail hauen bidegurutzeetan marka horiak tindatuko dituzte eta hainbat zutoinek erraila mugatuko dute bere ibilbide osoan.

Kontaketak eginen dira eta honek bide berri hauek iraunkor bilakatzeko behar diren egokitzapenak egitea permitituko du. Lanek 530.000 euroko balioa izanen dute.

«Itxialdiak negutegi efektuko gasen hedapena nabarmen murriztu badu, deskonfinamenduak autoaren erabilera masiborako arriskua ekartzen du, erabiltzaileek garraio publikoa baztertu baitezakete. Bizikletarekin bederen, distantzia fisikoa atxikitzea errazagoa da», azaldu zuen Etchegarayk iragan ostiralean prentsaurreko batean.

Bizi!, Txirrind’Ola eta Avap elkarteekin harremanetan jarri ondotik, mugikortasun sindikatuko hautetsiek hemendik eta iraila bitartean esperimentazio prozesu horri ekitea deliberatu zuten.

«Lehen bilan bat egin eta iraunkorrak izan daitezen egokitzapenak egiten ahalko ditugu», azpimarratu zuen Claude Olive sindikatu horretako presidente eta Angeluko auzapezak.

Ainitz izan dira BAB etorbidean bizikletentzat bide seguruak eskatu izan dituzten txirrindulariak eta elkarteak. Joan den abenduaren 8an, erraterako, Bizi! mugimenduak bizikleta martxa antolatu zuen 433 pertsona bilduz eta errepideak okupatuz.