NAIZ

Patxi Ruizek 9. eguna bete du gose eta egarri greban; medikuak 3 egun daramatza ikusi gabe

Patxi Ruizek bederatzigarren eguna bete du gose eta egarri greban, Murtzia II espetxean. Hirugarren egunez jarraian medikua ez dela txantrearra ikustera joan salatu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Txantrearra 10. modulura aldatu dute gaur; bertan beste hiru euskal preso daude.

Patxi Ruizekin elkartasunean Bilbon egindako kontzentrazioa. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Patxi Ruizekin elkartasunean Bilbon egindako kontzentrazioa. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Patxi Ruizek bederatzigarren eguna du gose eta egarri greba hasi zuenetik, eta jarraitzeko asmoa agertu du, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ohar batean azaldu duenez. Txantreako presoak ziegan pasatzen du eguna eta erizaina sartzen denean besterik ez da ateratzen. Medikua, hirugarren egunez, ez da presoa bisitatzera joan.

Ruizek ez du telebista ikusten ikusmenak huts egiten diolako. Giltzurrunetako min handia du eta lo egitea kostatzen zaio etengabe esnatzen delako eta oso nekatuta sentitzen da, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak berri eman duenez. 10. modulura aldatu dute; bertan EPPK-ko hiru preso daude.

Oharrak dioenez, espainiar Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak auto bat kaleratu zuen atzo «Patxiren gose eta egarri grebaren jakitun zela azalduz». «Hori horrela izan zen Patxiren abokatuek egindako kudeaketaren ondorioz, eta aldi berean horrek esan nahi du orain arte kartzelak ez diola epaitegiari Patxiren inguruko inolako informaziorik bidali», salatu du.

Autoan, epaileak Murcia II-ko kartzelari eskatzen dio «covid-19aren aurrean hartutako neurrien berri ematea». Ruizen abokatuen arabera, «adierazgarria da, frogatzen duelako kartzelak ez diola inori bertan hartutako neurrien berri eman, (epaileak ere ez du ezer eskatu)». Ruizi covid-19 gaitzak sortutako egoeraren testuinguruan egindako kontzentrazioetan parte hartzeagatik egin zizkioten mehatxuak funtzionarioek, oharrean gogora ekarri dutenez.

Txantrearrari babesa adierazteko ekimenek jarraitzen dute hainbat espetxetan, hala nola txapeoak, barauak eta janari erretiluari uko egiteak Sevilla II, Kordoba, Puerto III, Huelva, Topas, Castello I eta Rennes-en.

Ezkerraldean, Deustun, Gasteizen, Altsasun eta Ondarroan txandakako gose grebak hasi dituzte, eta hainbat herritan mobilizazioak antolatu dituzte egunero.

Venezuelan, berriz, Asier Guridi iheslariak Aragua, Miranda eta Distrito Capital estatuak zeharkatuko ditu oinez Caracasen dagoen espainiar enbaxadaraino, Ruizen egoera salatzeko.

Bake Bidea eta bakegileak

Bakegileek eta Bake Bideak, ohar bateratu baten bitartez, kezka adierazi dute Ruizek bizi zuen egoeraren inguruan eta honek ekar ditzakeen «ondorio latzengatik».

Salatu dutenez, Patxi Ruizen egoera euskal presoek pairatzen dituzten salbuespeneko neurrien «ondorio zuzena da» eta, hortaz, «sakabanaketa, urrunketa eta eskubide urraketa guztiekin» bukatu beharra dagoela azpimarratu dute. /p>