NAIZ

U12: hauteslekuak moldatu edo tokiz aldatu eta mahaietan direnentzako ekipamendu bereziak

Uztailaren 12an EAEn egingo diren hauteskundeen testinguru zaila agerian utzi du gaur eguerdian Lakuako Gobernuko zenbait sailburuk egindako prentsaurrekoak: mahaietan egon beharko diren lagunentzako ekipamendu bereziak diseinatzen ari dira eta posta bidez boza errazteko aukera eskatu du Erkorekak.

Urkullu, hauteskundeak deitzeko dekretua sinatzen. (IREKIA)
Urkullu, hauteskundeak deitzeko dekretua sinatzen. (IREKIA)

Hauteskundeak deitu ondorengo egunean, lau sailburuk agerraldia egin dute batera: Josu Erkoreka (Gobernantza Publikoa, Autogobernua eta Gobernuko eleduna), Arantxa Tapia (Garapen Ekonomikoa), Nekane Murga (Osasuna) eta Sonia Perez (Turismoa), hain zuzen ere.

Erkorekak jakitera eman duenez, hauteskunde horiek egin ahal izateko neurriak prestatzeari ekin diote. Mahaietan egon beharko direnentzako babes ekipamendu bereziak izango direla aurreratu du; diseinatzen ari dira.

Horiek osatzeko zozketak ekainaren 13tik 17ra egingo dituzte udalerri ezberdinek. Segurtasun Sailak jakinaraziko lizkieke hautatuei osasun baldintzak eta beharrak.

Ez da aipatu zer gertatuko den mahai horietarako hautatua den norbaitek egoteari uko egiten badio (beldurraren ondorioz-edo) edo koronabirusak jota baldin badago.

Honezaz gain, hauteslekuak egokitu dira... edo zuzenean alboratu eta beste batzuk hartu. Izan ere, adineko pertsonentzako erresidentziak erabili dira toki batzuetan, esaterako, eta ondorioz ez dira batere egokiak.

Posta bidez bozkatzeari dagokionez, epea zabaltzea eskatuko du Lakuako Gobernuak. Uztailaren 2a arte eskatu ahal izango du bozka, baina egun batzuk gehiago ematea ahaleginduko dira. Eta norbait isolaturik egongo balitz, Covid-19a dela eta, bitartekari baten esku posta bidez bozkatu ahal izatea sustatuko da, beti ere Erkorekak esandakoaren arabera.

Bozketa egunean ordutegia luzatzea ez da planteatzen, antza denez: goizeko 9etaik arratsaldeko 8etara izango da, betiko legez.