NAIZ
BILBO

Pintura gorria eta Ruizen grebari buruzko esku-orriak bota dituzte Idoia Mendiaren etxeko atarian

PSEren idazkari nagusi eta lehendakarigaiaren etxebizitzaren atarian margo gorria eta Patxi Ruiz preso iruindarraren gose eta egarri grebari buruzko esku-orriak bota izana salatu zuen bart alderdiaren Batzorde Eragileak.

Idoia Mendiaren etxeko ataria. (PSE)
Idoia Mendiaren etxeko ataria. (PSE)

«Marra gorri guztiak gurutzatu dira. Jende hau soberan dago, Euskadin beti soberan egon diren bezala intolerantzia eta euskal gizartearen pluraltasunarekiko mespretxua». Hitz horiekin salatu zuen PSEk Idoia Mendiaren etxe atarian gertatutakoa, sare sozialetan lehenik eta alderdiaren Batzorde Eragileak argitaratu zuen ohar batean ondoren.

Bart, gaueko 22.00ak aldera, ezezagunek pintura gorria bota zuten Mendiaren Bilboko etxebizitzaren atarian. Margoaz gain, gaur gose eta egarri greban hamar egun betetzen dituen Patxi Ruiz Txantreako presoari erreferentzia egiten zioten esku-orriak ere utzi zituzten bertan. «Patxi Ruiz gose eta egarri greban. Idoia Mendia eta PSOE hiltzaileak! Amnistia osoa», zioten orriek.

«Euskal gizartearen askatasunen konkistetan inolako atzera bueltarik ez dugu onartuko. Ezta PSE-EE bezalako alderdi bateko burua, gainera uztailaren 12ko hauteskundeetan lehendakarigai dena, zuzenean mehatxatzea ere», adierazi du alderdiak.

Alderdien gaitzespena

Gertatutakoaren ondotik, Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza zuten alderdi guztiek –egun deseginda dago–, gaitzespena adierazi zuten, baita Iñigo Urkullu lehendakariak ere. 

Urkulluren esanetan, «justifikaezina eta onartezina» da jazotakoa. 

EAJk, sare sozialen bitartez, «demokrazia eta elkartasuna» aldarrikatu zituen «euskal faxisten erasoen aurrean», Mendiari eta haren sendiari zein alderdiko kideei elkartasuna adieraziz.

«Bakebidean eta elkarbizitzan urrats sendoak eman behar ditugu arlo askotan eta honelakoek urrundu egiten gaituzte», esan zuen Maddalen Iriartek EH Bilduren izenean. Ordu batzuk lehenago, Patxi Ruizek bizi duen «muturreko egoeraz» ohartarazi eta hari irtenbidea emateko egiten ari dena azaldu zuen koalizioak.

Elkarrekin Podemosek Bilboko Udalean duen bozeramaileak, Ana Viñalsek, nabarmendu zuen halako gertakariek «gizartea hautsi eta demokrazia murrizten» dutela.

«Demokraziaren etsaiek ez dute lekurik euskal gizartean», salatu zuen PPk txio bidez. 

Egoera honen aurrean, Foro Sozial Iraunkorrak «positibotzat» jo du «alderdi politikoek Idoia Mendiaren etxeari egindako erasoaren aurrean aho batez emandako erantzuna». «Horrelako ekintzek zaildu egiten dute adostasunak garatzea presoei konponbide integrala emateko», gaineratu dute Twitter sare sozialean argitaratutako mezu batean.