Gehiengo sindikalak lan-erreforma osoki indargabetzea eskatu du ostegun honetan, PSOEk, Podemosek eta EH Bilduk sinatutako akordioak jasotzen duen bezala.
ELAk ohar batean adierazi duenez, «sinatutakoa betetzea oso albiste ona litzateke, baina Pedro Sanchezen alderdiaren bilakaera txarrak aurrerapauso gutxi iragartzen ditu».
Sindikatuak Espainiako Gobernu desberdinek ezarritako azken lan-erreformak berehala indargabetzea eskatu du, izan ere, «lanpostuak suntsitzea eta lan-baldintzak murriztea dakarten lanerreformak bertan behera utzi ezean, gainean dugun krisi ekonomiko hau sarraski bat izan daiteke enplegu eta lan-baldintzentzat».
ELAren ustez, besteak beste, hurrengo gaiak berehala aldatu behar dira: «langileen kaleratze indibidualak edo ERE bitartez langileak kolektiboki kaleratzeak berrikustea enplegua eta enpresen jarduera mantenduko duen legedi baten alde; eta lan-baldintzak murrizteko ezarritako neurri guztiak bertan behera uztea, bereziki negoziazio kolektiboaren estruktura berrikustea, Estatuko hitzarmenek lehentasuna izatea ekiditeko eta enpresetan sektoreko hitzarmenak okertzeko aukera izan ez dezaten».
Bestetik, LABek gogoratu du euskal langileek 2012ko lan erreforma indargabetzearen alde borrokatu dutela, «eta atzo Madrilen lortutako akordioak langileentzat hainbeste galera ekarri zuen akordioa bertan behera osoki uzteak langile klasearen garaipen bat dela esaten dugu. Bizi dugun lan prekarietatearekin amaitzeko hartu beharreko erabaki bat da, euskal langilegoa eskertzen duena».
«Akordio honek agerian uzten du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua (LHBSEE) eratzeak lehentasunezko premia bat dela, eta burujabetza osoa lortzea beharrezkoa dela, Euskal Herrian bertoko egoera sozio laboralei bertoko tresna eta ikuspuntuarekin aurre egin ahal izateko, inongo injerentziarik gabe», gaineratu du.
Haren ustez, «akordio honek erakusten du Euskal Herrian badagoela bere indarra Madrilen euskal langileen alde erabiltzen duen alderdi bat, langileok eta sindikatuok aldarrikatzen ditugun beharrak kontutan hartzen dituena. Aldiz, EAJk Confebasken interesak defendatzeko, AHT aurrera eramateko eta bere interes propioak asetzeko baino ez du Madrileko akordioak erabiltzen».
«LABek atzoko akordioa, hau da lan erreforma osoki derogatzea, betetzeko borrokatuko du, jakin badakigulako Estatu eta Euskal Herriko patronalak, botere ekonomikoak eta eskuineko alderdiek presioa egingo dutela akordio hau zapuzteko, atzo gertatu moduan PSOEren aklarazioa behartuz. Estatuko Gobernua eta hau osatzen duten PSOE eta Unidas Podemos-ek dira akordioa gauzatu behar dutenak, eta LABetik exijitzen diegu adostutakoa betetzea eta lan erreforma osoki bertan behera uztea», azpimarratu du.
Eta, ELAk egin duen bezala, LABek ere «Zapateroren Gobernuak 2010ean onartutako negoziazio kolektiboaren erreformaren derogazioa ere aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko du, honek bidea ireki baitzuen estatuko lan hitzarmenek Hego Euskal Herrikoen aurretik lehentasuna izateko aukerari».
CCOO Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciak ere eskatu du lan erreforma osoki indargabetzea.