NAIZ

Azterketen emaitzen arabera, Patxi Ruizen osasun egoera egonkorra da

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez, Patxi Ruizen konfiantzazko medikuak azterketen emaitzak ikusi ahal izan ditu eta bere osasun egoera egonkortu egin da, «beti ere larritasunaren barnean». Murtziako espetxeko erizaindegian dago eta egarri greba utzi ostean jan gabe jarraitzen du.

Larunbat honetan Baionan egin duten mobilizazioa. (Guillaume FAUVEAU / FOKU)
Larunbat honetan Baionan egin duten mobilizazioa. (Guillaume FAUVEAU / FOKU)

Patxi Ruiz Txantreako presoak egarri greba utzi zuen atzo baina hamahirugarren eguna bete du gaur jan gabe. Kartzelako osasun baldintzak salatzeko protesta batean parte hartzeagatik funtzionarioek eginiko mehatxuak salatzeko abiatu zuen protesta.

Ostegun gauean Murtziako Virgen de la Arrixaca ospitalera eraman zuten, gose eta egarri grebaren 11. egunean. Ospitalean bi litro serum sartu zizkioten, eta amaren bisita jaso ahal izan zuen. Alta boluntarioa eskatu ondoren, kartzelara eraman zuten eta erizaindegian ingresatu, espetxe kanpotik itzultzean covid-19 gaitzaren prebentziorako berrogeialdia aplikatu diotelako. Horren ondorioz ezin izan du gaur larunbatean bere amarekin bisita egin.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ziurtatu duenez, preso iruindarraren konfiantzazko medikua bai egon ahal izan da kartzelako medikuekin eta bere mediku-txostena ikusteko aukera izan du. Azaldu dutenez, «egin dizkioten azterketen emaitzen arabera, Patxi egonkor dago, beti ere larritasunaren barnean».

Mobilizazio ugari egiten ari dira testinguru honetan, tartean baraualdiak, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gogora ekarri duenez. Ezkerraldean maiatzaren 12tik gose greban gauden ari ziren hiru pertsonek bukaera emango diote ekimenari. Bestalde, Iruñean egindako mobilizazioan pertsona bat atxilotua izan da Gaztelu plazan. Istiluak izan dira terraza batean zegoen jendearekin eta polizia oldartu egin da manifestarien kontra.

Kartzeletan ere protesta ekimen ezberdinak burutzen ari dira euskal presoak Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko.

Preso ohi batzuek, beren aldetik, mobilizazioa egin du Donostian larunbat honetan, espetxeak euskal agertoki politikotik desagertu behar duela aldarrikatzeko asmoz.