NAIZ

Mihian zauri mingarri batzuk ditu Murtzia-IIko kartzelan gose greban den Patxi Ruizek

Murtzia-II kartzelako erizaindegian segitzen du Iruñeko Patxi Ruiz presoak, duela astebete ospitalera eramana izan eta egoera egonkorrean atera ondoren. Mihian zauri mingarri batzuk dituela eman dute jakitera. Bere aldeko protesta batzuk aurrera segitzen dute eta beste batzuk amaitutzat eman dituzte.

Espetxeak husteko, preso ohik deituta, larunbatean Donostian eginiko mobilizazioa. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Espetxeak husteko, preso ohik deituta, larunbatean Donostian eginiko mobilizazioa. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Funtzionari batzuek egindako mehatxuak zirela-eta abiatu zuen protestari eusten dio Patxi Ruiz Txantreako presoak, Murtzia II-ko kartzelan. Gaur astebete dela, bertatik ospitalera eraman zuten. Bertan egarri greba bertan behera utzi zuen Ruizek eta seruma jarri ondoren kartzelara bueltatu zuten. Geroztik bertako erizaindegian dute, covid-19aren aurkako protokoloa dela eta.

Bere egoera zehatzaren inguruko datu bakarra Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren ostegun honetako oharrak dakar. Jada hamazortzigarren egunez luzatzen den gose greba zein aurreko egarri grebaren ondorioz, «nahiko mingarriak izaten ari diren zauriak atera zaizkio mihian (mihi fisuratua delakoa) eta momentuz ez diote horretarako tratamendurik eman», ziurtatu du.

Konfiantzazko medikua kartzelako sendagileekin kontaktatzen saiatzen ari dela baina ez duela erantzunik jasotzen erantsi dute. Gauzak honela, zenbait gomendio helarazi ditu erizaindegira, faxez.

Patxi Ruizen alde egiten ari diren protesta batzuk aurrera segitzen dute eta beste batzuk bukatutzat eman dituzte, adibidez Murtzia-IIn Mikel San Sebastian presoak bost egunez egin duen gose greba edota Etxarri-Aranatzen bi lagun egiten ari ziren baraualdia.