Donald Trump metodoa, arazoak sortu beharra benetako arazoak ezkutatzeko
Txinari zigor ekonomikoak ezarri nahian Hong Kong «autonomiarik gabe» utzi duela-eta, Munduko Osasun Erakundearekin (MOE) harreman oro eta diru laguntza oro eten... Izan ere, etxea sutan hasten denean, hobe da bizilagunaren etxebizitzari su ematea, norberaren ajeak ezkutuan geratuko badira horrela. Twitter eta sare sozialak jarri ditu orain jomugan Trumpek.
Ameriketako Estatu Batuetako presidente izateari lagatzen dion egunean, faltan botako dute hedabideek Donald Trump eta bere ahoberokeria etengabea. Ala ez, baina hori ikusteko dago, oraindik ere, hauteskunde presidentzialetan porrot egingo duela dioten inkestak eta ikerketak gorabehera, azaroan bigarren aldiz presidente izateko aukera hortxe izango baitu.
Hala, «munduko gizonik boteretsuena» denari, zeinek egingo dio aurre, kontra edo eztul? Edota txanponaren ifrentzuari so jarriko bagina, Donald Trump presidenteak, berak proposatzen, esaten edo egiten dituen guztiari «amen» esaten ez diona, nola ez du bada kontra, aurre edo eztul egiten ari dela sinetsiko? Ez al da ba Donald Trump munduko gizonik boteretsuena, kargu politiko bati lotuta bederen?
Zein izango Donald Trump presidente txit gorenaren hurrengo «etsaiak» eta sare sozialak, alajaina! Zer eta Trump enpresari arrakastatsu eta aberats bezain ahobero bat izatetik mundu mailako lider politiko –edo dena delakoa– izatera eraman duten sare sozialak –eta bere diskurtsoa, bakoitzak bere motibazio propioaren bitartez, erosi duten guztiak–, alegia.
Izan ere, Twitterri Trump presidenteak argitaraturiko mezu baten sinesgarritasuna zalantzan jartzea otu zitzaion –azaroko hauteskunde presidentzialetan posta bidezko bozkek izan lezaketen «izaera iruzurtia» aipatu zuen Trumpek eta «funtsik gabea» zela erantzun zion Twitterrek baieztapen horri–.
«Twitter erregulatuko dugu, Twitterrek adierazpen askatasuna erregulatuz gero!», horra AEBtako presidentearen azkenaurreko arrapostua. Hala, sare sozialak babesten dituzten zenbait babes legal bertan behera uztea deliberatu du Texasko milioidunak.
«Twitter erabaki editorialak hartzen ari da. Une horretan, Twitterrek plataforma publiko neutral izateari utziko dio, eta ikuspuntu bat duen editore bihurtuko da. Eta uste dut gauza bera esan dezakegula beste batzuei buruz, Googleri edo Facebooki buruz, eta agian beste batzuei buruz», gaineratu du.
Haizagailua sutan
Baina etxea sutan, zentzu literalean, daukalarik, ezin ba ahoa itxita mantendu. Fokua covid-19ak dagoeneko AEBetan laga dituen 100.000 hildakoetatik, langabezian geratu diren milioika hiritarrengandik, AEBetako osasun sistemarengandik edo, azken buruan, George Floyd poliziak besterik gabe Minneapolisen eraildako gizonezko beltzak eragindako sumindura eta haserrearengandik urrundu egin behar eta 80 milioi jarraitzaile eskaini dizkion sare soziala ere etsaitzat hartzea akordatu zaio presidente jaun txit gorenari. Haizagailua martxan jarri du, beste behin.
«Twitter ez da ezertxo ere egiten ari Txinatik datozen propaganda eta gezur horien guztien aurka edo Alderdi Demokratako ‘ezkertiar erradikalen’ (sic) kontra. Aitzitik, errepublikarrak, kontserbatzaileak eta AEBtako presidentea beren jopuntuan jarri ditu. 230. artikulua Kongresuak bertan behera utzi beharko luke. Bitartean erregulatu egingo dugu», bota du.
«Section 230» delakoak sare sozialen boterea murriztu nahi du, 1996ko legea berrinterpretatuz, CNN kateak jakitera eman duenez.
«Nire agindu exekutiboak araudi berriak eskatzen ditu», ziurtatu du Trumpek. Buruzagi estatubatuarrak Twitterri leporatu dio azaroaren 3rako hauteskundeak «oztopatzea».
Hor baitago azkenean, koxka. Hala, haizagailua martxan dela, ez zaio falta izan Donald Trump jaunari berak hainbeste bilatzen duen fokuen argia erantzun forman, are gehiago Minneapolisen jazotako guztiaren aurrean AEBtako presidenteak hiritarrekiko erakutsi duen sentsibilitate «berezia» aintzat hartuta.
Taylor Swift abeslaria izan da azken orduetan erantzuna bota duenetako bat. «Zure presidentetza osoan supremazismo zuriaren eta arrazakeriaren suak piztu ondoren, adorea duzu nagusitasun moralaren plantak egiteko indarkeriaz mehatxatu aurretik?», esan du.
«Azaroan botako zaitugu», gaineratu du.
Ordubetean, Swiften mezuak 300.000 «Like» eta 100.000 bertxiokatze baino gehiago pilatu ditu.
Eta Donald Trump pozik, jendea txio hauei begira dagoen artean Minneapolisko erailketa, langabezia eta ekonomiaren egoera petrala eta covid-19ak jotako milioika herrikideez ahaztu baitira.
Enpatia ariketa
Ez pentsa, alabaina, Donald Trump bere unibertsoan bakarrik dabilenik, ez horixe. Ez gara hemen berari bozka eman dioten eta ostera ere emango dioten milioika estatubatuarrei buruz ere ari, ondotxo hurbilago ere aliatuak azaldu baitzaizkio presidente horailari. Euskal Herritik irten gabe ere, aizue!
Santiago Abascali buruz ari gara, izan ere. VOX alderdia egunotan ez dabil nahi bezain fin. Nahi duena esan eta trukean ezer ez entzuten ohituta, gustuko ez den zeozer entzunda arima penatan dauka. Hala, ez da harritzekoa Donald Trumpen jarreraren aurrean ulerkor azaltzea.
VOXek «txalotu» egin du Trumpek Twitterren aurka hartutako erabakia. «Oso kezkatuta gaude sare sozialetako plataforma nagusiek adierazpen askatasunerako eskubidea behin eta berriz urratzen dutelako, gure kargu publikoek eta afiliatuek euren profiletan argitaratzen dituzten eduki asko gaitzetsi dituztelako», azpimarratu du alderdi ultraeskuindarrak.
Azken finean, enpatia da Abascalen taldeak kasu honetan lantzen duena. Santiago Abascal VOX taldeko liderrak Twitterrekin ika-mika publikoa du azken hilabeteetan. Izan ere, sare sozialak bere profil ofiziala blokeatu zuen, Adriana Lastra PSOEren Kongresuko bozeramailearekin egindako iruzkin baten ostean.
Enpatia. Ondokoaren larruan jartzeko gaitasuna. Edo VOXen kasuan bezala, inoren larruarekin norberarena jostea. Hala, Abascalek, Trumpi babesa azaldu ostean, duela 29 urte ETAk Vic-en Guardia Zibilaren kuartelaren aurkako atentatuko argazkia eskegi du Twitterren. «Pablo Iglesias arriskutsua da Espainia eta askatasunarentzat».