NAIZ

EPPK-REN AGIRIA EUSKAL JENDARTEARI

Azken bi hilabeteetan espetxeetan areagotu den egoeraren irakurketa egin nahi du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agiri honetan, gordintasunez nabarmendu diren gertaera batzuei ohartemanez bereziki.

Lehenik, hala ere, euskal preso politikoon egoeraz kezkatzen zareten guztioi, eta gure eskubideen aldeko aldarria kalera eta instituzioetara eramaten duzuenoi, gure esker on zintzoena adierazi nahi dizuegu.

Pandemiaren ondorioz ezarritako itxialdia, itxialdi bikoitz bilakatu da euskal preso politikoontzat. Aldi honetan espetxeetan hartu dituzten neurrietako batzuek gure bizi baldintzak gehiago kaltetzea ekarri dute. Gure senide eta lagunekin ditugun harremanak eta komunikazioa areago murriztu dira, gaur egun oraindik indarrean mantentzen den salbuespenezko espetxe politikagatik eta urrenketagatik batik bat.

Espetxe politika horrek euskal preso politikoak pertsonalki eta politikoki desegitea eta birrintzea du helburu. Horretarako pentsatuta ezarri zituzten urrunketa eta sakabanaketa, eta horregatik jarraitzen dute oraindik ere salbuespenezko politika hori ezartzen, presook babesgabeago eta zaurgarriago bilakatu nahian beti ere. Kide asko dira espetxe politika anker horren ondorioz gaixotasun fisiko eta psikologikoak jasaten dituztenak, edo espetxe politika horren eraginez gaixotasunak areagotu zaizkienak.

Patxi Ruizen gaurko egoera, beste kide askorena bezala, salbuespenezko espetxe politika krudel horren ondorioa da. Espetxe politika gizagabe horrek psikiko eta fisikoki leher egiteko punturaino eraman duen beste euskal preso politikoetako baten egoera. Norbere buruaren kalterakoa den borrokaldi bati ekitea deliberatzeko punturaino estutu duen kidearen egoera. Halako egoerak gehiagotan ere ezagutu izan ditugu zoritxarrez euskal preso politikoen artean, iragan urrunean eta ez hain urrunean. Pandemia honen aldian bertan, espetxeetan zoritxarreko hiru gertakari eman dira. Hiruek behar izan dute kudeaketa berezitua. Horien artean publiko egin dena, maiatzaren 13an buruko isuri baten ondorioz ospitaleratu zuten Julen Atxurra, Puerto I espetxean dagoen kidearena izan da. Eta ezin dugu ahaztu gaur egun 17 euskal preso politiko direla gaixotasun fisiko edo psikiko larriekin: badirela 60, 65 edota 75 urtetik gorako kideak; asko garela 20, 25 edota 30 urtetik gora espetxean daramatzagunak. Eta ezin dugu ahaztu denboran luzatzeak eta egoera honetan jarraitzeak zaurgarriago bilakatzen duela espetxean dagoena, preso politikook zaurtzea duelako helburu espetxe politika honek.

Halako egoeretan kolektiboak laguntza eta babesa eman izan dio laguntza behar duen kideari, aldi berean espetxeari konponbideak eskatuz eta ekimenak ahalik eta eraginkorrenak bilatuz. Baina ezinbestekoa da kaletik ere ardura berdinez aritzea, presoon borrokan lagun eginez. «Kartzelaren erasoei erantzuteko herritarrekin bat eginez burutuko ditugun ekimenak» aipatzen genituen aurrera begirako ekinbideen artean, EPPKren 2017ko eztabaidaren ondorioetan. Eta irizpide hori jarraituz, egoerarik zaurgarrienean diren kideei laguntzea eta presoaren osasuna lehenestea funtsezkoa iruditzen zaigu, lehen bezala orain. Funtsezkoa iruditzen zaigun bezala presoon eskubiden alde, eta presoak kaleratzearen alde egiten diren borrokak eraginkorrak izatea, eta indarrak bikoizte aldera ekimenak koordinatzea.

Murtzia II espetxean Patxi Ruizek maiatzaren 11n abiatutako protestaren ondoren, espetxe horretan dauden EPPK-ko kideek lehen momentutik izan duten jokabidea elkartasuna adierazi eta laguntza ematea izan da. Baita lehen momentutik Patxiri beren ikuspuntua adieraztea ere, eta osasuna lehenesteko gose eta egarri greba utz zezala eskatu zioten batetik. Bestetik, espetxeari lehen unean eskatu zioten Patxi modulu normalean beste kideren batekin jar zezala. Abiatutako borrokarekin aurrera jarraitzen zuela ikusirik, Patxiren osasuna bermatu eta ospitalera atera zezatela eskatu zieten espetxeko sendagileari eta arduradunei. Maiatzaren 19an, Patxi modulu batean beste hiru kiderekin batera jartzea lortu zuten Murtzia IIko kideek, eta 22ko gauean, berriz, ospitalera eraman zuten.

Patxi Ruizen muturreko erabakiaren aurrean sektore jakin batek izan duen jokabidea oso larria dela deritzo EPPK-k. Espetxeko baldintzen ondorioz edozein presoren bizia arriskuan denean, bere osasuna bermatzea aitzakiarik gabeko lehentasuna da gure iritziz. Kasu honetan ere horrela jokatu dute Murtzia IIko kideek, eta horrela jokatuko dute aurrerantzean, Patxi Ruizen egoeraren berri bertatik eta zuzenean zekitenek hain zuzen, espetxe zuzendariari konponbidea exijituz. Aipatu sektore horrek, ostera, EPPK-ko kide, EH Bildu, Etxerat, Sare eta Sorturi erasotzeko baliatu nahi izan du egoera hau guztia, Patxiren egoera konpontzeko ezer ez egitea egotziz eta, areago dena, egoera orokorraren errua ere leporatuz. Aldi berean, presoen egoeragatik zintzoki kezkatzen den jende askoren borondate onaz baliatzen saiatu dira.

Horrek guztiak pentsarazten digu, tamalez, zenbaiten zinezko lehentasuna ez dela izan lehen eta ez dela orain ere Patxi Ruizen bizia eta osasuna bermatzearen alde ahalegina egitea, aipatu alderdi eta erakundeei erasotzeko Patxi Ruizen egoera erabili ahal izatea baizik. Helburu hori lortu asmoz saiatu dira zenbait informazio ezkutatzen eta asmakizunak hedatzen. Estualdian eta egoera larrian den preso bati laguntzeko modu eraginkorrak bilatu eta lantzea baino erosoago zaielako EPPKri eta orokorrean ezker abertzaleari erasotzea.

Euskal jendartearen aurrean halako irakurketa mingotsa egitearekin batera, zer errekonozitua eta zer eskertua badugu Covid-19aren ondorioak ere lehen pertsonan jasaten ari garen euskal preso politikook.

Lehen lehenik, EPPK-ko kideok bat egiten dugu Euskal Herrian, Estatu espainiarrean eta nazioartean preso politikoon giza eskubideen eta askatasunaren alde egin diren aldarrikapenekin, baita Kongresuan indar politiko ezberdinek adostu duten adierazpenarekin. Eta espero dugu pandemiaren garapenean eta horren aitzakiaz hartu ez diren neurriak egoera arintzen ari denean hartuak izango direla. Zeregin horretan funtzio garrantzitsua izango dute aipatu eragile eta alderdi politiko guztiek, beraien eraginaren esku egongo direlako espetxeetan har daitezkeen neurriak.

Ez dugu aipatu gabe utzi nahi Eusko Jaurlaritzak espainiar Gobernuari euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara eramateko eskaria egin izana. Aspalditik euskal presook egin dugun eskaria eta euskal gizartearen zati handi batek kalean egin duen aldarrikapena izateaz gain, sakabanaketak eragiten duen sufrimendua amaitzeko modua delako.

Bestetik, EPPK-k argi ikusten du pandemiaren aldian beste bide batzuetatik eginahalak egin diren arren, ezinezkoa izan dela mobilizazio eta ekimen publikoak egitea. Konfinamendua arintzearekin batera, mobilizazioei berrekitea berri ontzat dugu eta agurrik beroena ematen diogu Sareren “Izan Bidea” dinamika berriari, zeinak euskal jendartea presoen etxeratzearen aldeko ibiltari egin nahi duen. Hor kokatzen du EPPK-k eta bere kidegoak espetxeetatik kaleko dinamikekin batera eraman beharreko ildoa. Hori da, gure ustez, lehenetsi beharrekoa.

Euskal Herriak behar duen normalizazio politikoaren bidean, lehentasunezko eginbeharra da espetxeak hustea. Lehentasun horretara dei egiten dugu, garaia delako eta hori lortzeak denok irabazle egiten gaituelako, etorkizun berri bat eraikitzen lagungarri izango delako. Eginahal guztiak norabide horretan jartzera dei egiten dugu, eta EPPK espetxeetatik ere norabide horretan jartzen dela iragartzen dugu.

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura!

Jo eta ke, irabazi arte!

Euskal Herria bihotzean,

2020 maiatzean

Euskal presoak Euskal Herrira!

Amnistia! Independentzia!