LABek ‘Badugu aukera’ leloa duen kanpaina jarri du martxan, eta herrialdeko batzarrak egin ditu gaur egungo egoeraren diagnostikoa egiteko eta fase ekonomiko sozial eta politikorako sindikatuak bere buruari jarritako erronkak partekatzeko.
Ekainaren 4an Nafarroana eta ekainaren 5ean Araban egindakoaren ondoren, LABek Gipuzkoa eta Bizkaiko batzarrak egin ditu gaur. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitza hartu du Bilboko batzarrean, eta «bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen eredua» aldarrikatu du.
«Garai latzak datoz langileentzat baina aukeretarako garaia ere badela uste dugu. Pandemia honek inoiz baino ageriago utzi du egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida ez dela jasangarria», azpimarratu du, eta «bestelako eredu baterantz joateko oinarriak» jarri behar direla ohartarazi du.
Azaldu duenez, «lan guztiak» aitortzeko eta lan, pentsio eta bizitza duinak bermatzeko neurriak hartu behar dira, «soldata osagarritzera mugatuko ez diren neurriak». «Patronalak, sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzaren eledunek ahotan izan dute Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak osagarritzeko balizko akordio bat. LABen ustez, oso motz geratzen da, ez duelako enplegu suntsiketa gelditzen» gaineratu du, eta «lan-erreforma atzera botatzea» exijitu du.
Zerbitzu publikoei dagokienez, Arabururen ustez «eredua eraldatu beharra dago ikuspegi merkantilista alde batera utzi eta lehentasun modu jarri arreta eta herritarrentzako zerbitzua. Horretarako, zerbitzu publikoak publifikatzeko plana egin behar da». «Zerbitzu publikoetan gehiago inbertitu behar da eta langile publikoen lan baldintzak hobetu behar dira. Lan taldeak egonkortu behar dira eta ratioak igo, kontratazio publikoa handituz. Zaintza sistema publikoa eraiki behar da», gaineratu du.
Etorkizunari begira, ekoizpen eta kontsumo eredua aldatu behar dela nabarmendu du, eta politika fiskal berri bat proposatu du: «Diru gehiago bildu behar da, eta hobeto, modu progresiboagoan». Burujabetzari buruz, Aranburuk Estatu propioa aldarrikatu du Euskal Herriarentzat. Izan ere, «pandemia honek ere argi utzi digu ze garrantzitsua den estatu bat izatea».