Dabid Lazkanoiturburu

Beltzen Burujabetze eguna gaur da, iragarri eta 155 urte beranduago

Poliziaren basakeriak, eguneroko arrazakeria, segregazio historikoa: AEBek esklabotzaren abolizioaren urteurrena gogoratu dute. Ez du, ordea, komunitate beltzak benetako burujabetzea izango 155 urte pasa eta gero tentsioa gori-gori dagoenean. Manifestazioak deituta daude gaur eta aste osoan, New Yorketik Los Angeleseraino, Washingtoneko Etxe Zuriaren ataria ahaztu gabe.  

Juneteenth egunaren aldarrikapena Atlantan (Georgian). (Joe RAEDLE-AFP)
Juneteenth egunaren aldarrikapena Atlantan (Georgian). (Joe RAEDLE-AFP)

Hegoaldeko Konfederazioko armadaburuak, Robert Lee jeneralak, errendizoa sinatu zuen 1865. urteko apirilaren 9an. Baina beste bi hilabete baino gehiago behar izan ziren Texaseko Galvestongo esklaboek aske zirela entzun zuten arte.

Urte hartako ekainaren 19an, gaur 155 urte, Gordon Granger jeneral yankeeak, 1863ko urtarrilaren 1ean paperean Abraham Lincoln orduko presidenteak indargabetu bazuen ere, esklabotzak indarrean jarraitzen zuen azkenetariko eskualdera joan (Galvestonera) eta Guda Zibila amaitutzat jo eta gizalegearen aurkako praktika horren debekua iragarri zuen.

Berandu eta herrenka iritsi zen iragarpena, eta atzerapen hori egungo egoeraren metaforarik adierazgarriena bilakatu da.

Orduko Texaseko beltzak, ordea, pozik zeuden eta handik urte batera «Juneteenth» ezizenarekin (ingelesez ekaina eta 19 zenbakiaren kontrakzioarekin osatutako hitza) bataiatu eta ospatzen hasi ziren.

Texasetik AEBetako ekialdera alde egin zutenean –zergatik egingo zuten ihes?– urteurrena herrialde osora zabaldu zuten, «Pozaren Eguna» eta «Askatasunaren Eguna» izenekin ere ezagutzera eman zena.

Hala ere, eta komunitate beltzarekiko auzia konpondu gabe zegoen seinale, urteurren hori ahaztuta geratu zen Uztailaren 4ko Independentziaren Egunaren itzalpean.

Depresio Handiak (1929) Juneteenth eguna behin betirako ahaztaraziko zuen, 60. hamarkadan eman zen Eskubide Zibilen Mugimenduagatik izan ez balitz.

1968an egun hartan Washington hiriburuan egin zen «Jende Txiroaren Martxak» urteurrena berpiztu zuen eta ondorengo urteetan AEBetako Estatu gehienek bere egin zuten gogoetarako eguna.

Gaur bertan jendetza espero da Washingtongo hiriburuan Etxe Zuriaren atarian, «Black lives Matter» izenarekin bataiatu duten Plazan.

Jai eta borroka eguna

«Juneteenth» jai eguna da Texasen. New Yorken eta Virginian, eta gainerako Estatu gehienetan feria eguna baino ez da. Ipar eta Hegoaldeko Dakotan hori ere ez.

Herrialde mailan jai eta aldarrikapen eguna izendatzeko eskaerek ez dute orain arte oihartzun handirik izan, hainbat legebiltzarkide saiatu diren arren, hauen artean Sheila Jackson diputatua eta Bill Nelson eta Cory Booke senatariak.

Hala ere, National Juneteenth Observance Foundation erakundeak dagoeneko 300.000 sinadura jaso ditu eta estatubatuar asko barne (eta kanpoko) historiarekin kontuak egiten ari diren honetan momentu aproposa izan daiteke.

Granger jeneralak zera iragarri zuen Galvestonen gaur duela 155 urte. «Texaseko herriak jakin dezan, Estatu Batuetako exekutiboaren aldarrikapenari jarraituz, esklabo guztiak aske direla (...). Adierazpen honek lehengo jabeen eta esklaboen artean bakarkako eskubideen eta ondasun eskubidearen berdintasun osoa agintzen du».

2020ko ekainaren 19an komunitate beltzak, eta bere ondoan borrokan ari diren zuriek, latinoek, indigenek, asiarrek… adierazpen berri bat egin dute. Ez dutela etsiko hori guztia lortu arte. Berriro ere denboraren tranpan ez erortzeko.