Naiz

‘Haurrak lotaratzeko soinua’, Eñaut Elorrieta eta Ainara Ortegaren ahotsean

1824. urtean Juan Ignazio Iztuetak «doinu zahar» gisa jasotako ‘Haurrak lotaratzeko soinua’ sehaska kanta gaurkotu dute Iñar Sastre eta Jagoba Astiarazan musikariek eta ‘Arineketan’ diskoan bildu dute. Ainara Ortega eta Eñaut Elorrietak jarri diote ahotsa.

Osasun krisiaren eraginez ‘Arineketan’ diskoaren argitalpena atzeratu egingo bada ere, igande honetan Musikaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta lan berrian bilduko dutenaren aurrerapena aurkeztu nahi izan dute Iñar Sastre piano-jotzaileak eta Jagoba Astiazaran txistulariak.

Hala, ‘Haurrak lotaratzeko soinua’ bideoklipa aurkeztu dute, Eñaut Elorrieta eta Ainara Ortegaren ahotsek eta Ivan Casadoren txeloak bilduta datorren sehaska kanta. Abestia Juan Ignazio Iztuetak sortu zuen 1824. urtean, eta «doinu zahar» gisara jaso zuen bere bilduman. «200 urte beranduago, itxuraldatua dakargu; goxo eta leun, sortu zeneko helburu bera mantendu nahian: haurrak lotaratzea», azaldu dute.

Abestiaren bideoklipa ere osatu dute. Bertan, hitzekin kontrastea egiten duten irudiak bildu nahi izan dituzte, «aita zein ama, gizon zein emakume, haurren heziketan behar den berdintasunaren eredu». Izan ere, euskal sehaska kanta ezagunak horrela dio: «Haurtxo txikia negarren dago, ama emazu titia; aita gaiztoa tabernan dago, pikaro jokalaria».

‘Arineketan’ diskoa osatzeko dantza doinu eta erritmo tradizionalak hartu dituzte oinarri Sastre eta Astiazaranek, eta horiek eraldatu eta berritzen egin dute lan. Iztuetak jasotako doinu eta hitzek ireki diete bidea, eta abiapuntu horretatik euren sorkuntzak osatu dituzte, euskal dantzaren munduan murgilduz. «Hortik aurrerakoa? Jolasa, broma, txantxa eta dibertsioa», zehaztu dute, eta bide batez «euskal folkloreko doinu zahar askori hautsa kendu» eta egungo dantza taldeei material berria eskuragarri jartzen ahalegindu direla gaineratu dute.