NAIZ
BILBO

Bidebarrieta Kulturguneak aurrez aurreko saioak berreskuratuko ditu

Bilboko Bidebarrieta kulturguneak aurrez aurreko aurkezpenak berreskuratuko ditu astearte honetan, Txani Rodriguez idazle arabarraren azken liburuarekin, ‘Los últimos románticos’. Ekitaldia 19.00etan hasiko da eta ateak hiru ordu laurden lehenago zabalduko dira.

Bidebarrieta kulturguneak aurrez aurreko agenda berreskuratuko du. (Monika DEL VALLE I FOKU)
Bidebarrieta kulturguneak aurrez aurreko agenda berreskuratuko du. (Monika DEL VALLE I FOKU)

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak aurrez aurreko topaketak jarriko ditu berriro martxan, aste batzuk bakarrik sareko saioak egin ondoren, eta Txani Rodriguez idazle arabarraren ‘Los últimos románticos’ liburu berriaren aurkezpena ospatuko du astearte honetan, ekainaren 23an.

Topaketa Bidebarrietako liburutegiko areto nagusian egingo da, 19.00etan. Sarrera doakoa da, eta 100 lagunentzako tokia izango da. Segurtasun neurri berriak direla eta, ekitaldi aretoko ateak 18.15ean irekiko dira, parte hartzaileak aurrez esleitutako aulkietan jar daitezen. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, bertatik ohar bidez azaldu dutenez.

Kike Martin eta Alicia San Juan kazetariak ere izango dira hitzorduan, idazlearekin batera, eta bertan egoteko aukera ez dutenek streaming bidez ikusi ahal izango da kulturguneatb.eus helbidean.

‘Los últimos románicos’ liburuan, Txani Rodriguez arabarrak Iruneren bizitza kontatzen du, bere etxearen eta lan egiten duen paper fabrikaren artean, Bilbotik gertu dagoen industria herri batean.

Txani Rodriguez Laudion jaio zen, 1977an. Kazetaria, gidoilaria eta idazlea da. ‘Lo que será de nosotros’ (2008), ‘Agosto’ (2013) eta ‘Si quieres, puedes quedarte aquí’ (2016) eleberriak argitaratu ditu. ‘El corazón de los aviones’ (2006) kontakizun liburua eta hainbat komiki argitaratu ditu, besteak beste, ‘La carrera del sol’ (2008).