NAIZ

Biarritz eta Baionako ikastolak itxi dituzte Angelun covid-19 kasu bi baieztatu ostean

Seaskak agiri baten bidez jakitera eman duenez, Angeluko Kimua ikastolako 4 urteko bi anaia bikiek positibo eman dute covid-19aren testean. Atzo baieztatu zen probaren emaitza. Prekauzio neurri gisa Biarritz eta Baionako ikastolak ere itxiko dituzte.

2013an inauguratu zen Kimua ikastolako eraikin berria. (Bob EDME)
2013an inauguratu zen Kimua ikastolako eraikin berria. (Bob EDME)

Bi covid-19 kasu Angeluko ikastolan baieztatu ondoren Seaskak Baiona eta Biarritzeko ikastolak ere itxi dituela jakitera eman du gaur goizean.

Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak zehaztu duenez atzo jakin zuten Angeluko Kimua ikastolako 4 urteko bi anaia bikik positibo eman zutela covid-19aren proban.

Akitania Berria Eskualdeko Osasun Agentziarekin (ARS) eta Hezkuntza Akademia Ikuskaritzarekin hitz egin ondoren eta betiere aipaturiko erakunde bi horien adostasunez, osasun protokoloa aplikatu dutela eta Angeluko ikastola itxi dutela gaineratu du Seaskak.

Azken asteko kontaktu katea eginez, eskolaz kanpoko garaian Biarritz eta Baiona Hiriondoko ikastolako beste haur eta heldu batzuekin lotura agertu denez, «zuhurtziaz» Biarritz eta Baiona Hiriondoko ikastolak ere ixtea erabaki dutela gaineratu du.

«Gaur berean hiru ikastoletako irakasle eta langile guziak testatuak izanen dira, baina eskolako azken astea denez, hiru ikastolak itxiak egonen dira», azaldu du Seaskak goizean igorri duen oharrean.