Ariane Kamio

Ez esnatu, mesedez

Ariane_Kamio_aurpegia
Ariane_Kamio_aurpegia

Eguerdia da eta Teleberria ate joka bazkalosteko loaldiarekin bat. "Baietz Ordiziako kasuarekin zabaldu?". Efectivamente. Sarrera gortinaren ondoren hasi dira Gipuzkoako herriko irudiak eskaintzen. Jende ilara luzeak, kezka aurpegiak eta sudurzuloetan barruraino doazen makilatxoak. Badira eztarria haztatzen dutenak ere, eta ageri da gorakoa eman dion gizonezkoaren irudia behin baino gehiagotan. Anekdotatxoa. Beno.

Kafearekin bat etorri da EiTB Fokusek egindako inkesta. Halaxe dio Estibaliz Ruiz de Azuak. «84tik hona izandako emaitzarik onenak lortuko lituzke EAJk». 84tik? Akabo loaldiaren xerka. Eta eztabaida piztu da etxean. Soilik azken hilabeteetan gertatu denarekin, nola izan dezake EAJk halako prospekzio baikorra, gorakoa?

Teoria eta hipotesi desberdinen trukaketa edo gurutzaketa ez da eten ordu erdi luzez, azkenean, ondorio nagusi eta berdintsura iristeko. Segurtasuna. Huraxe mahai gaineratutako hitz bateratua.

Izan ere, inkestaren ondorenean etorri da Zaldibarko auziaren albistea. Edozein momentutan aurki baititzakete bertan lurperatuta geratu ziren bi hilotzak. «Nola zuten izena? Berdin dio, ez gara gogoratzen». Baina lasai, hemen ez da ezer gertatzen.

Eta halaxe begitantzen da Xabier Leteren kantu bat, «eta horrela bizitzen gera, sortuz ta sortuz, gure aukera, atsedenik hartu gabe». EAJren teoria eta estrategia ondo laburbil lezakeen kantu puska –barka beza Letek alderaketa uzkurragatik–. Baina ezin uka lasaitasunaren ikur bihurtu dela alderdi jeltzalea, erosotasunaren ikur. Konfort egoera baten mantentzaile hegemoniko, egoerei, gertakizunei, hankasartzeei jartzen dizkieten estalki guztiak barkazioaren pean uzteko gaitasuna duen alderdia, hain zuzen.

«Bitartean, heldu eskutik», esango luke Kirmen Uribek bere lehenengo liburuan. Baina gaur egun «Bitartean, segi horrela» batek hobeto borobilduko luke gizartearen loaldi induzitua. Teleberria piztu eta ez esnatu, mesedez.