Oihane LARRETXEA
donostia

Susmoak, despisteak eta zuhurtzia Donostian

Donostiako Udaletxean, Foru Aldundian eta Egiako Musika Eskolan ahalbidetutako hauteslekuetara egin dugu bisita. Jada albiste ez diren osasun neurriez aparte, sentsazio ezberdinak sumatu dira. Txikiak babestu nahi izan dituzten familien zuhurtzia eta gaurko hitzordua pasata, herritarroi mugimenduak murriztuko zaizkigula diotenen susmoa.

Nortasun agiria ezin du titularrak ez beste inork ukitu. (Gorka RUBIO I FOKU)
Nortasun agiria ezin du titularrak ez beste inork ukitu. (Gorka RUBIO I FOKU)

Badira aldatzen ez diren gauzak. Goiz bozkatzera ateratzen direnek etxetik kanpo gosaltzeko aprobetxatzen dute gero. Eguerdi aldera egiten dutenek, jarraian bermuta hartzen dute. Pintxo batekin, noski. Hala dio legeak. Gainontzekoan, kontrasteak sumatu ditugu Donostian bisitatu ditugun hainbat hauteslekuren artean.

Udaletxean ahalbidetutakoan, jende apurra 11.00ak pasatxo zirenean. Ilara gutxi baina argibide asko. Leku guztietan bezala, distantziak eta gel hidroalkoholikoa. Benetan zaila eskuak behar bezala bizkor sikatzea; boto asko erdi umel sartu dira gutun-azaletan. Eta ixteko, mingainaz? «Hobe ezetz», bizilagun batek.

Auzoko bi andre, 65 eta 70 urte dituzte. Beldurrik ez, baina susmoren bat edo beste… «Hau estrategia hutsa da. Ekarri gaituzte hautesontzietara eta bozkatu dugu. Eta bihar? Edo etzi?», galdegiten dute. Ziur dira hemendik egun batzuetara ailegatuko direla murrizketak pertsonon mugimenduetan. «Konfinatu ez gaituzte konfinatuko, baina neurriak hartuko dituzte. Gaurko eguna pasatzea da inportantea», dio batek.

Beldurrik ez, baina zuhurtzia bai. Mara eta Uxue bi emakume gazte dira, iragan martxoan izan ziren ama, itxialdia hasi eta kutsaduren zifrak oso kezkagarriak zirenean. Ondoren bizitu zituzten asteak «gogortasunez» oroitu dituzte NAIZentzat. Lehena bi haurren ama da eta zaharrena, hiru urteko alaba, nahiago izan du aitarekin «kanpoan» utzi. «Bere adinarekin geldirik egotea oso zaila da, eta azken egunetan entzuten ari garenekin ez dut arriskatu nahi dena ukitzen dutelako». Txikia motxilan darama, bere bularraren kontra ondo babestuta. Marak, botoa eman ondoren, kanpora atera eta aitaren «lekukoa» hartu du. «Denbora gehiago behar izan dugu, baina nahiago dugu».

Uxuek gaur haur-kotxea etxean utzi eta motxilan atera dute semetxoa, nahita. Gurasoak batera sartu dira, ez dute beste batzuek bezala banatu nahi izan. Eta ikararik ez dutela aitortu arren, «ordena eta neurriak handiak direlako», oso adi aritu direla kontatu digute. «Zein ordutan etorri ere ondo pentsatu dugu, pilaketak ekiditeko».

Ilarak Egia auzoan

Egia auzoan gauzak bestelakoak izan dira, bereziki parte-hartze aldetik. Gainera, jende pilaketari despisteak erantsi zaizkio, izan ere Musika Eskolakoa izan da Donostian aldatu det hauteslekuetako bat (gehiago ireki dira U12 honetarako) eta bat baino gehiago galduta ikusi dugu, «jatorrizko» lekuan edo Tabakaleraren parean (Nestor Basterretxea plazan) ahalbidetu den lokalean bozkatu behar zuten ez zekitela. Bertatik, ahaldun batek baieztatu digu goizean zehar maiz eman behar izan dituztela argibideak.

Aipatzekoa ere hautesleku berri honetan ez direla segurtasun guztiak ezarri, izan ere sartzeko eta irteteko atea berbera da, eta pasilloak ez du jendearen artean eskatzen den gutxieneko distantzia betetzen.

Foru Aldundiaren eraikinean eta Udaletxean jendea esku bateko hatzez zenbatu bazitekeen, Atotxako plazan gauzak pazientziaz hartzea baino ez zegoen. Erritmoa zeraman, baina ilara luzeak egin dira ohiko moduan hautesleku honetan. Betiko pilaketak ekiditea zaila. Zaila baita ere behin sarrerara ailegatuta, Vox alderdiak bidali dituen ahaldun guztiekin harrituta ez gelditzea. Zortzi zenbatu ditugu, kolpe bakarrean. «Hemen gaude, besteak bezala», aldarrikatu du ziur asko zein hiritan zegoen ere ez zekien gazte batek. Antza denez, 9.00ak baino lehen, hauteslekua ez den Aitor Ikastolaren beheko eraikinaren atarian egon dira baten batek ohartarazi dien arte: «Esto no es un colegio electoral». Hiritar eskuzabal harengatik ez balitz, akaso oraindik han leudeke.

Harrigarriena baina, ondoren gertatu da. Vox-eko gazteak bertan egoteko zuen eskubidea gorritu gabe aldarrikatzen zuela, eskua luzatu du, konplizitate bila. Eskatzea libre da, ados. Baina zertarako hainbeste gel hidroalkoholiko eta maskarilla, hiritar batek eskua ‘a pelo’ estutu badio?