naiz

Zabortegiko lanetan gastatutako 13,4 milioi euro Verterri ordainaraziko diola ziurtatu du Lakuak

Lakuako Ingurumen Sailak jakitera eman duenez, apirilaren amaieratik uztailaren hasierara bitarte Zaldibarko zabortegiko lanetarako kontratatutako lan guztien zenbatekoa 4.466.707 eurokoa izan da, eta gastu osoaren partida nagusia, 3.172.740 euro, lurpean segitzen duten langileak ustez dauden lekuan lanak egiteko bideratu da.

Kamioilariak Zaldibarko zabortegian lanean. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Kamioilariak Zaldibarko zabortegian lanean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lakuako Ingurumen Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak asteartean jakinarazi du apirilaren amaieratik uztailaren hasierara bitarte Zaldibarko zabortegiko lanetarako kontratatutako lan guztien zenbatekoa 4.466.707 eurokoa dela, BEZa barne. Horri apirilaren amaiera arte Ingurumen Sailak egindako kontratazioek eragin zituzten 9 milioi euroko gastua gehitu behar zaio, beraz, 13.466.707 euro gastatu du Lakuak modu subsidiarioan zabortegian ezbeharra gertatu zenetik.

Diru hori Verter Recycling enpresak ordaindu beharko duela agertu du Ingurumen Sailak, «Zaldibarko zabortegiko jabea eta arduraduna delako».

Iñaki Arriola sailburuak Gobernu Kontseiluari bideratutako ohar batean zehazten da Zaldibarko Verter Recycling-en zabortegian lur-irristatzea gertatu zenetik larrialdi-prozedurek eragindako gastua. Aipatzen denez, lan kontratazio hauen bidez «zabortegiaren egonkortasuna bermatuko zen, ingurunerako eta ingurumenerako arriskua murriztuko zen eta desagertuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquín Beltrán langileen bilaketa modu seguruan egin ahal izango zen».

Hala, idatziak jasotzen du apirilaren amaieratik uztailaren hasierara kontratatutako lanen partida nagusia, 3.172.749 euro (4.466.707 euroko kontratazio osotik), lurpean segitzen duten langileak bilatzeko guneetan egindako indusketa-lanei, 1. segurtasun-biltegia egiteko lanei eta irristatze-eremuak egonkortzeko lanei dagokiela.

Zenbateko hori apirilaren amaierara arte Ingurumen Sailak egindako kontratazioek eragin dituzten 9 miloi euroko gastuei gehitu behar zaie.

Bitartean, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen gorpuak agertu gabe dira oraindik.