NAIZ

Kukairen ‘Txango bat’ instalazioa Bilboko Arte Ederren Museoan ikusi ahalko da

Osasun krisiak eragindako itxialdian sortu zuen Kukai Dantzak ‘Txango bat’ ikus-entzunezko instalazioa eta Bilboko Arte Ederren Museoko YouTube kanalean jarri zuten ikusgai. Orain, urriaren 12ra arte, museoko BBK aretoan ikusi ahalko da.

Kukairen ‘Txango bat’ museoaren Youtube kanalean ere ikusgai dago. (NAIZ)
Kukairen ‘Txango bat’ museoaren Youtube kanalean ere ikusgai dago. (NAIZ)

Museoko bisitariek ikus dezakete dagoeneko Kukai Dantzaren ‘Txango bat’ ikus-entzunezko instalazioa museoko BBK aretoan, urriaren 12ra arte. BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoaren laguntzaz ekoitzitako pieza da ‘Txango bat’, osasun krisiak eragindako itxieraren ondoren ekainaren 1ean museoa berriz irekitzeko sortua.

Orain arte museo bilbotarraren YouTubeko kanalean soilik egon da ikusgai instalazioa –5.560 ikustaldi izan ditu dagoeneko–. Museotik azaldu dutenez, ‘Txango bat’-ek «ikusleei erakusketaren bisitari bakar bihurtzea proposatzen die, museoaren aretoetan aparteko moduan murgiltzera, museoa berriz bisitatzera eta artearen sakonenean bidaiatzera gonbidatzen gaituen sorkuntza lan batek gidatuta».

Izan ere, instalazio honetan Jon Mayak eta Kukai Dantza taldeak museoaren bildumaren irakurketa berezia egin dute, zeinak dantzaren, musikaren eta kantuaren bitartez, Kirmen Uribek proposatutako ‘ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa’ erakusketaren bidaia kontzeptual bikaina berrinterpretatzen duen.

Modu horretan, ‘Txango bat’ museoa itxita egon zen garaian filmatu zen, eta ikus-entzunezko sorkuntza-lan bakana da, artearen konfinamenduaren lekukotza. «Gorputzek, ahotsak eta musikak okupatzen dute bisitariak falta duen espazioa, eta, era berean, berriz ere artearen aurrean gutako bakoitzari dagokion leku partikularra okupatzera gonbidatzen gaituzte», zehaztu dute museotik.

‘Txango bat’ ikus-entzunezko instalazioa urriaren 12ra arte egongo da ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoko BBK aretoan.