NAIZ
GASTEIZ

‘Procés’-eko bere esku-hartzeari buruzko dokumentuetarako sarbidea baimendu du Urkulluk

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak baimena eman du Kataluniako procés delakoaren inguruan egin zituen gestioak jasotzen dituzten dokumentuak kontsultatu ahal izateko. 

Iñigo Urkullu, Auzitegi Gorenean deklaratu eta gero, 2019ko otsailaren 28an. (J. DANAE/FOKU)
Iñigo Urkullu, Auzitegi Gorenean deklaratu eta gero, 2019ko otsailaren 28an. (J. DANAE/FOKU)

Lakuako Gobernuak igande honetan jakitera eman duenez, Urkulluk gutun bana bidali du EAEko Artxibo Historikora, Sabino Arana Fundaziora eta Pobleteko Monasteriora, bertan baitaude gordeta aipatu dokumentuak, kontsultatzeko moduan jar ditzatela eskatzeko.

Eskutitz horietan, jarduneko lehendakariak gogoratu du 2019ko otsailaren 27an, Espainiako Auzitegi Gorenean lekuko gisa deklaratu baino egun bat lehenago, procés-ean izan zuen esku-hartzeari buruzko dokumentazioaren kopia bana bidali zuela artxibo horietara eta iragan otsailaren 21ean osatu egin zuela material hori. Guztira 300 dokumentu inguru dira, tartean gutunak, mezu elektronikoak eta ohar pertsonalak jasotzen dituztenak.

Azaldu duenez, azken asteetan bereziki dokumentazio hori kontsultatu ahal izateko eskaerak jasotzen ari da, eta, beraz, «komenigarritzat» jo du uztailaren 23tik dokumentu horietarako sarbidea ematea.

«Ekarpenak» irakurgai

Argitu du, hori bai, «askatasunez» kontsultatu ahal izango diren dokumentuak bere «ekarpenei» dagozkienak direla, eta ez beste pertsona batzuekin izandako bilera eta harremanei buruzko informazioa jasotzen dutenak, horiek kontsultatzeko beren «berariazko baimena» behar izango delako.

Agiri horietan, besteak beste, Mariano Rajoy orduko espainiar Gobernuko presidentearekin, Carles Puigdemont Generalitateko presidentearekin eta beste pertsona ezagun batzuekin (Santi Vila kontseilariarekin, enpresariekin eta Eliza Katolikoko ordezkariekin, besteak beste) izandako harremanak azaltzen dira.