Naiz

Viena izango da protagonista Musika-Música 2021 jaialdian

Bilboko Udalak antolatzen duen Musika-Música jaialdiaren hurrengo edizioa 2021eko martxoaren 5, 6 eta 7an ospatuko da, eta Viena hiria izango da protagonista nagusia. Modu honetan amaituko da pasa den urtean Londresekin eta New Yorkekin hasi zen eta aurten Parisekin jarraitu duen hiriei buruzko zikloa.

Elena Odriozola ilustratzaileak diseinatu du edizio berriaren afixa. (NAIZ)
Elena Odriozola ilustratzaileak diseinatu du edizio berriaren afixa. (NAIZ)

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak iragarri zuten joan den ostiralean jaialdiaren data, bai eta Elena Odriozola donostiarrak egindako kartela ere.

Bilboko Udaleko Kultura Saila lanean ari da datorren urteko edizioa prestatzeko. Ekitaldia bereizten duen «kalitate programatikoari eustea» eta musika klasikoa herritarren sektore guztietara zabaltzea eta hurbiltzea da helburua.

Horregatik aukeratu dute Viena datorren urteko ediziorako, «musikaren hiriburua baita». Azaldu dutenez, Austria beti izan da konpositore handien herrialdea, eta obra bikainak eman dizkio musika klasikoaren historiari. XVIII. mendean eta XIX. mendearen zati batean, Viena musikaren Europako hiriburua izan zen, eta Haydn, Mozart, Beethoven, Schubert, Brahms edo Mahler izan zituen ordezkari.

Aburtoren hitzetan, «Bilbo, bere garaian Viena izan zen bezala, musika klasikoaren hiriburu bihurtuko da hiru egunez, eta nazioarteko, estatuko eta bertako kalitate handiko taldeak izango dira elkarrekin».

Olabarriak adierazi zuenez, «Vienako giroa birsortuko du hiriak eta bertan jaio zen musikaz gozatuko du. Bertako konpositoreak Bilbon izango dira, baita ikasleak ere, biharko musikariak izateko hautagaiak».

Kartelaren egilea Elena Odriozola donostiarra izan da. Azaldu dutenez, «Viena irudikatu du afixean, bertan bildu zen musikazko jeinutasun guztia iradoki zuen musa gisa».

Azkenik, nabarmendu dute jaialdiaren antolatzaileek zorrotz betearaziko dutela covid-19aren pandemiaren ondorioz izan litezkeen arriskuak eragozteko osasun agintariek ezarritako araua.