NAIZ
BILBO

Gaztelugatxe, Babes Bereziko Kultura Ondasun izateko bidean

Lakuak Gaztelugatxeko San Juanek duen babes maila zorroztea du helburu eta, horretarako, Paisaia Kulturala kategorian Babes Bereziko Kultura Ondasuna deklaratzeko prozesuari hasiera eman dio. Astelehen honetatik aurrera, hogei eguneko epea dago helegiteak aurkezteko.

Gaztelugatxeko San Juanen babes maila handituko du Lakuak (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)
Gaztelugatxeko San Juanen babes maila handituko du Lakuak (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)

Gaztelugatxeko San Juan Paisaia Kulturala kategorian Babes Bereziko Kultura Ondasuna deklaratzeko prozesuari ekin dio Lakuak. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu da eta 20 eguneko epea ireki da helegiteak aurkeztu ahal izateko. Hauek ebatzitakoan, egongo balira, dekretu bidez onetsiko da Kultura Ondasun izateko deklarazioa.

Gaztelugatxek orain arte ingurumenari lotutako babes bat eduki du, 1998. urtean onartua; orain, Lakuako Gobernuaren arabera, ingurua Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatuta, «aurrerapauso bat» emango da aitortzaren eta babesaren ikuspuntutik, bere balio historiko-arkitektonikoak eta paisajistikoak aitortuz eta zainduz, materialak zein immaterialak.

«Lekua edertasun handiko paisaia ingurune baten zati da, eta nabarmentzekoak dira itsasertzaren ikuspegiak zubiaren bi aldeetara: ekialdera ageri dira badia eta Gaztelugatxe eta Aketx uharteak, eta mendebaldera itsaslabarrak, Bakioko bistetan txertatzen diren harkaitz azaleratzeekin. Gaztelugatxe kokagunearen berezitasuna arkitekturaren eta paisaia naturalaren arteko sinbiositik dator», nabarmendu du astelehen honetan argitaratu den babes-espedienteak.

Funtsezko balioak

Babes espedienteak materialak, arkitektonikoak zein paisaia arloko elementuak aipatzen ditu, eta honako hauek dira: uhartearen forma naturalen edertasuna (uhartearen profila, harkaitz azaleratzeak eta landaredia); tenpluaren profila, Gaztelugatxeko uhartearen silueta bereizgarriaren gailur gisa; zubiaren eta santutegira igotzeko bidearen arkitektura organikoa eta ingurune naturalarekin duen lotura harmonikoa; eraikuntza baliabideen sinpletasuna eta irmotasuna, tokiko harria oinarrizko material gisa erabiltzeagatik bereizten direnak.

Bestalde, paisaia kulturalaren funtsezko balio immaterialak zeinu kulturalek eta erlijiosoek osatutakoak dira: «Garrantzi berezia dute, eta tokiko eta eskualdeko identitatean daude sustraituta», justifikatzen du txostenak.

Babesari dagokionez, proposamenak bi gunetan mugatzen du Gaztelugatxeko San Juan. Lehenengo gunea osatzen dute uhartea eta bere espazio eta elementu eraikiak, baita bertara iristeko gertuen dituen espazioak ere. Bigarren gunea mugatu egiten da ondasunaren gertuko inguruneko paisaiaren balioak babesteko asmoz, bereziki haitzetik atzeman daitekeen itsasertzeko paisaiak.