LAB sindikatuak osasun zentro eta zentro soziosanitarioetan lan egiten duten eta covid-19az kutsatutako langile guztiei «berehala» lan istripua aitortzeko eskatu du. Halaber, sindikatuak gogoratu du espainiar Gobernuak lan istriputzat onartu zituela osasun langileen artean covid-19 kasuak, maiatzaren 26ko 19/2020 Errege Dekretuaren bidez.
Zentzu horretan, LABek salatu du «ez direla egoera guztiak kontuan hartzen, ez dira ordaintzen aplikatzen diren hitzarmen kolektiboetan araututako soldata osagarriak, eta dekretuaren babesa uztailean amaitzen da. Hau da, uztailetik aurrera sortutako kutsatzeek ez dute lan istriputzat hartzeak eragiten duen legezko ondoriorik izango».
«Egia da alarma-egoera amaitu dela, baina pandemiak jarraitu egiten du, eta horrek kutsatzeko arrisku-egoerak sor ditzake berriro, osasun zentroetan zein zentro soziosanitarioetan ere», nabarmendu du.
Covid-19aren ondorioei dagokienez, LABek azaldu du «lan istriputzat jotzen ez badira, sor litezkeen gastuak ez daude estalita langilea baja arruntean baldin badago».
Beraz, LAB sindikatuak maiatzaren 26ko Lege Dekretua luzatzeko eskatzen du, «lan istripuak eragindako kontingentzia profesionaltzat har daitezen SARS-CoV2 birusa kutsatzearen ondorioz osasun zentroetan edo zentro soziosanitarioetan lan egiten duten langileek jasandako gaixotasunak».