NAIZ
GASTEIZ

‘Irri barra gauak’, antzerkia eta bakarrizketak Falerina lorategian

Bosgarren urtez, ‘Irri-Barra gauak’ euskarazko umore antzerki, bakarrizketa eta bat-bateko saioak hartuko ditu Gasteizeko Falerina lorategiak. Hiru saio izango dira, uztailaren 30ean, abuztuaren 27an eta irailaren 17, zehazki. Egoerak behartuta, izena eman beharko da aldez aurretik.

Tessa Andonegi aktoreak Ainhoa Aierberekin abiatuko ditu ‘Irri-Barra gauak’ bihar. (Jon URBE I FOKU)
Tessa Andonegi aktoreak Ainhoa Aierberekin abiatuko ditu ‘Irri-Barra gauak’ bihar. (Jon URBE I FOKU)

Udako ilunabarretan, azken bost urteetan egin den moduan, ‘Irri-Barra gauak’ euskarazko umore antzerki, bakarrizketa eta bat-bataeko saioak izango dira Gasteizeko Falerina lorategian. Aurten, baina, egoera bereziak behartuta, izena eman beharko da aldez aurretik.

Oihaneder euskararen etxeak azaldu duenez, hiru saiok osatzen dute programa: ostegun honetan, abuztuaren 27an eta irailaren 17an, iluntzeko 20.00etan, izango dira, zehazki. Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe, Alazne Etxeberria, eta Iñaki Maruri, Mitxel Santamarina eta Ismael Pereira aktoreak igoko dira oholtzara, hurrenez hurren.

Aitor Gabilondoren zuzendaritzapean, bihar, ostegunez, #MeToo taularatuko da. «Feminismoa berpiztu egin da, eta berarekin, sekula entzun ez diren tonaka kontzeptu, terminu, berba eta gauza». Kaos informatibo honi irtenbidea ematen ahaleginduko dira Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe.

Bigarren emanaldia bikote bila dabilen emakume euskaldun batez arituko da. «Senargaia, maitalea, laguna, edo txateatzen duen norbait», ez du aukerarik baztertzen Alazne Etxeberria aktoreak interpretatuko duen pertsonaiak. Mota guztietako teknologiak eta estrategiak erabiliko ditu mutil-lagunaren bila joateko…

‘Irri-Barrak’ zikloa inprobisazioan oinarritutako ikuskizunak itxiko du, irailaren 17an. ‘Inpro-Komeryak’ umorea du oinarri, eta euskara. «Inprobisazio ikuskizunak ez dira  berriak, badakigu, berria dena euskara hutsez aurkeztea da, eta hiru aktorek emana! Euskal Umorearen barruan ez dago horrelakorik, eta ezusteko bikaina izango da euskal ikusleentzat», adierazi dute Oihanederretik.

Ikuskizun guztiak doakoak izan arren, izena eman beharko da aldez aurretik, lekuak mugatuak baitira. Honakoak dira horretarako bideak: Bibe plataforman, oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, edo 615.986.832 telefonoan eskatuta (10.00etatik 12.00etara).