Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta Lakuako Gobernuak maskaren erabileraz kontzientziatzeko kanpaina martxan jarri dute. Kanpainak sare sozialetan eta komunikabideetan sustatuko diren bi bideo ditu oinarri.
Ohar batean azaldu dutenez, kanpainaren helburua da «euskal gazteengana hurbiltzea, higieneari, maskararen erabilerari eta urruntze sozialari lotutako neurri pertsonalek covid-19ari aurre egiteko duten garrantziaren inguruko kontzientziazioa sendotzeko».
«Guztion ahaleginari esker iritsi gara final handi honetara. Oraindik bigarren zati osoa geratzen da, eta, irabazteko, defentsa hertsia, zelai-erdi langilea eta aurrealde eraginkorra behar ditugu. Zure bizitzako finala irabazi nahi baduzu… distantzia, higienea eta maskara», adierazi dute bultzatzaileek.
Mezu horri Gorka Vazquez ilustratzaileak sortutako animaziozko irudiak erantsi zaizkio. Marrazki animatu horien bidez, eguneroko bizitzako hainbat egoera islatzen dira, eta pandemian funtsezkoak izan diren jardueretan diharduten gazteak agertzen dira. Jarduera horiek hirugarren sektore sozialeko boluntario batek, ertzain batek, supermerkatuko apal-betetzaile batek eta Osakidetzako bi profesionalek irudikatzen dituzte.
Kontraste gisa, hainbat unetan beren taldearen arrakasta maskararik eta distantzia sozialik gabe ospatzen duten gazteak dantzan eta edaten ikusten dira, eta, ondoren, erietxe batean larriki gaixotuta eta monitorizatuta dagoen gazte bat. Bideoa futbol-estadio batean amaitzen da. Bertan, zale talde desberdinetako mutil bat eta neska bat besarkada batez elkartuta agertzen dira, baina azkenean elkarrengandik urrundu eta maskarekin estaltzen dira.
«Komunikazio-kanpaina honek, gazte-estetika eta hizkuntza informal baten bidez, gazteok konfinamenduaren hilabeteetan agertu genuen konpromisoaren balioa azpimarratzea du helburu, eta sen onari jarraitzeko deia egiten du, higienea areagotzeko, urruntze soziala betetzeko eta maskara beti erabiltzeko. Aurtengo udan garrantzitsuena burua erabiltzea eta gure gizarte-konpromisoa agertzen jarraitzea dela helarazi nahi dugu. Gure ustez, gure sen ona erakusteko garaia da 2020ko uda. Beharrezkoak ez diren arriskuak hartzea atzerapauso bat egitea da, bai zeuretzat, bai zure inguruko guztientzat», azpimarratu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Maialen Olabek.