NAIZ

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek manifestazio deialdia egin dute larunbaterako Bilbon

Teknikariok sindikatua osatzen duten kultur ikuskizun eta ekitaldietako langileak manifestazioa deialdia egin dute Bilbon larunbaterako, alarma egoeran jarraitzen dutela salatzeko. Deialdiaren leloa: «Gure egoera: desagerpena. Zuen kudeaketa: antzerki hutsa».

Donostian abuztuaren 8an egindako protestaren irudia. (Jon URBE | FOKU)
Donostian abuztuaren 8an egindako protestaren irudia. (Jon URBE | FOKU)

Pandemiaren ostean ikuskizunetako eta ekitaldietako langileen egoerak okerrera egin duela ikusita Teknikariok sindikatua sortu zuten EAEko sektoreko langileek. Egia esan, kultur ekitaldien murrizketen eraginez, beharginek bizitzen ari diren egoera ez da batere erraza izaten ari.

Guzti hori azaleratzeko, manifestaziora deitu dute larunbata 22an. Arratsaldeko 17.30tan hasiko da Canciller Ayala kaletik (Abando ondoan). Ikusgarria edo, bederen, zaratatsua, izango dela iragarri dute.

Ohi bezala, beltzez jantzita joateko deialdia egin dute desagerrarazteko zorian dagoen sektoreko langileak direla irudikatzeko. Eta zeintzuk osatzen dute sektorea? Rigger-ak, jostunak, bideo-egileak, errejidoreak, argiztatzaileak, muntatzaileak, laguntzaileak, sonidistak, produktoreak…

Lan egoera eskasa

Burutzen ari diren ekitaldiekin haien lana nolakoa den ezagutarazi nahi dute: «Behin-behinekotasuna, ezorduko ordutegiak, lanaldi amaigabeak, askotan bainugelarik eta aldagelarik gabe, segurtasun-neurri eta perimetrorik ez, lanaldi artean atsedenik gabe, lana eta familia bateratzeko ezintasunarekin eta erregulazio ezaren ondorioz gure gain hartu ditugun hamaika baldintza onartezin, horrela prekaritatea errotuz».

Nahiz eta laguntzaren bat kobratu edo lan kopurua txikia izan, langile gehienak dirulaguntzetatik kanpo geratzen ari dira, eta irailaren amaieran egoerak okerrera egin dezake.

Erakunde publikoei negoziazio-mahaia sortzeko egin zieten eskakizunaren erantzunen zain daude. «Gure helburu nagusia sektorearen erregulazioa da –diote–, lan eskubide ezarekin zein prekaritatearekin amaitzeko. Uste dugu honetarako tresna enpresa kontratatzaileekin hitzarmen kolektiboa negoziatzea dela, eta hau kolektibo bezala egin behar dugu, batasuna eta ahots propioa inoiz baino garrantzitsuagoak izanik».