Iñaki Artolak eta Beñat Rezustak Caixabank Masterseko bederatzigarren garaipena eskuratu dute gaur arratsean Sorian jokatutako neurketan. Oinatz Bengoetxea eta Julen Martija 16-22 menderatu dituzte gora-behera dezenterekin.
Izan ere, sailkapeneko liderrak 1-12 aurreratu dira markagailuan. Soriako pilotalekuaren lur bizia aprobetxatuz, min handia egin dute bi jotzaileek eta bazirudien neurketa azkar amaituko zela.
Bengoetxea eta Martija pilotari borrokalariak dira, ordea, eta apurka-apurka aldeak murrizten joan dira, eta partidan bete-betean sartzen. 8-12 hurbildu dira lehenik, 7 tanto jarraian eginez, eta ondoren 16-18 ere ipini dira.
Artolak eta Rezustak ez dute garaipena ihes egiten utzi, baina azkenean 78 minutu eta 670 pilotakada behar izan dituzte neurketa ixteko.