NAIZ

Gernikako alkateak herritar guztiei eskatu die PCR proba egiteko, kutsatzea komunitarioa delakoan

Gernikako alkate Jose Mari Gorroñok PCR proba egitera bultzatu ditu herritar guztiak. Herrian azken egunetan atzeman den kutsatzea komunitate mailakoa dela iritzi dute. Azken hiru egunetan 49 positibo antzeman dituzte eta horietatik hamaikak ez zeukaten elkarren artean harremanik. Koronabirusaren agerraldi hau abuztuaren 14tik 17ra bitartean Gernikako gau giroko tabernetan kokatu du Lakuak.

Gernikako ostalaritzako terrazak. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Gernikako ostalaritzako terrazak. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Gernikar guztiak PCR probak egitera bultzatu ditu Gernikako alkate Jose Mari Gorroñok. Horixe bera adierazi du herrian PCR proba masiboak egiten hasi diren egunean bertan.

Azken egunetako kutsatzeak ikusita, Lakuak protokoloa aktibatu zuen. Honek, hasiera batean abuztuaren 14tik 17ra bitartean gau giroko tabernetan ibili zirenei zuzendu zien probak egiteko mezua; alkateak, aldiz, herritar guztiengana zabaldu du mezua.

Azken hiru egunetan covid-19 birusarekin kutsatuta 49 pertsona antzeman dituztela zehazten da Lakuako Osasun Sailak argitaratzen duen txostenetan. Alkateak, goizean eginiko adierazpenetan, azaldu du hauetatik 11 positibok ez zeukatela elkarren artean hartu-emanik eta horregatik «komunitate mailako kutsatzea» dela iritzi dute. 

Osasun Sailak helarazten dituen datuen arabera, abuztuaren 7tik 20ra bitartean, kutsatutako 21 pertsona zenbatu ziren Gernikan. Lakuak astelehen honetan eguneratu du kutsatuen balantzea eta azken hiru egunetan –hau da, ostiraletik igandera– 49 kasu positibo atera dira Gernikan; 15 ostiralean, 14 larunbatean eta 20 igandean.

«Birusa sakabanatuta baldin badago, edozein kaletan egon daitekeela esan nahi du», adierazi du Gorroñok.