NAIZ

Granada-Athletic partidak emango dio hasiera Ligari

Zurigorriek ostiral gaueko 21.00etan jokatuko dute La Rosaledan, irailaren 11an, denboraldi berriari hasiera emango dion neurketan. Ligak ostiral eta astelehenetan ipini ditu partidak lehen bi jardunaldietan, Espainiako Federazioaren haserrea piztuz.

Ez du hasiera erraza izango Athleticek Granadaren aurka (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Ez du hasiera erraza izango Athleticek Granadaren aurka (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Lehen Mailako bost euskal taldeek badakite jada lehen jardunaldiko partidak zer egun eta ordutan jokatuko dituzten, Ligak bere ordutegiak jakinarazi ostean.

Denboraldi berriari ekiten lehen Athletic izango da, Granadaren aurkako partida irailak 11 ostiralean jokatuko baita, 21.00etan, La Rosaleda futbol zelaian.

Eibarrek eta Osasunak irailak 12 larunbatean jokatuko dute. Armaginek 16.00etan jasoko dute Celta Ipuruan, eta gorritxoek 21.00etan jokatuko dute Cadizen zelaian, Ramon de Carranza estadioan.

Igandean, irailak 13, Realaren txanda izango da. Txuriurdinek 16.00etan egingo diete bisita Valladolidi Nuevo Zorrilla estadioan.

Eta Alavesek, azkenik, irailak 14 astelehenean hartuko du Betis Mendizorrotzan 21.00etan hasiko den norgehiagokan.

Ligak zehaztu duenez, partidak astelehen eta ostiraletan jarriko dituzte epaitegietako azken erabakia iritsi bitartean behin-behineko neurri modura. Eta bestalde, Atletico/Sevilla, Bartzelona-Elche eta Real Madrid-Getafe neurketak atzeratuak izan dira, hurrengo urte hasierara.

Bigarren jardunaldia

Bigarren jardunaldiari, dagokionez, Osasunak irailak 18 ostiralean jokatuko du Getaferen zelaian, 21.00etan.

Eibarrek irailak 19 larunbatean egingo dio bisita Villarreali, 21.00etan hau ere.

Eta Alavesek eta Realak irailak 20 igandean jokatuko dute: gasteiztarrek 18.30etan Granadaren zelaian eta donostiarrek 21.00etan Anoetan Real Madriden aurka.

Athletic-Bartzelona partida atzeratua gelditzen da, datorren urteko lehen hilabeteetan jokatzeko asmoarekin, eta baita Levante-Atletico eta Sevilla-Elche partidak ere.

Federazioaren haserrea

Espainiako Futbol Federazioak azkar erantzun dio Ligari, neurketak larunbat eta igandetan jokatu behar direla esanez eta gogoratuz epaitegiek argi utzi zutela erabaki hori Federazioaren esku dagoela.

Federazioak ez du baztertzen ostiral eta astelehenetan jokatzeko aukera, baina erabaki hori beraiekin adostu behar dela dio. Esan gabe doa adostasun hori lortzeko bidea mahai gainean diru gehiago jartzea dela.