Dabid Lazkanoiturburu

Gaur hasi da ‘Charlie Hebdo’ astekariaren aurkako eraso jihadistaren epaiketa

Jihadistek izua zabaldu zuten 2015eko urtarrilean Estatu Frantsesean eta mundu osoan Parisen egin zuten eraso andanarekin. Gaur hasiko da ‘Charlie Hebdo’ astekariaren erredakzioaren aurkako erasoaren epaiketa. Bide batez polizia baten hilketa eta supermerkatu judutar baten bahiketa hilgarria epaituko dira.

‘Charlie Hebdo’ astekariaren aurkako erasoan hildakoen omenezko margoa, Parisen. (Thomas COEX/AFP)
‘Charlie Hebdo’ astekariaren aurkako erasoan hildakoen omenezko margoa, Parisen. (Thomas COEX/AFP)

Epaiketa historikoaren bezperan, ‘Charlie Hebdo’k Mahomaren karikaturak berrargitaratzea erabaki du, astekari satirikoa jihadisten jomugan jarri zuena. «Nonahi dagoen amorruaren gainetik sekula ez gaitu loak hartuko», aldarrikatu zuen Riss zuzendariak.

Berrargitalpenak Pakistan sutu du. Islamabadek «irmotasun handienarekin» gaitzetsi du erabaki hori.

Libanon bisitan, Emmanuel Macron presidenteak «Frantzian birao egiteko eskubidea» aldarrikatu zuen, «kontzientzia-askatasunari atxikita dagoelako».

Bi hilabete eta erdi iraungo duen prozesuan zehar 150 lekuko eta aditu izango dira eraso izugarri haiek epaituko dituen Auzitegi berezian.

15 dira akusatuak, urtarrilaren 7-9 bitartean 17 hildako eragin zituzten Said eta Cherif Kouachi anaiei eta Amedy Coulibaly-ri, hirurak hilda, ustez laguntzeagatik.

Milioika pertsona, munduko hainbat Estatu eta gobernuburu tartean, atera ziren Parisko kaleetara urtarrilaren 11n, manifestazio izugarrrian.

Baina atentatu haiek Estatu frantseak pairatuko zuen eraso jihadisten hasiera baino ez ziren izan. Urte hartako azaroaren 13an 130 hildako eta 35 zaritu eragin zituen gau odoltsuak Parisen, gehienak Bataclan aretoan, kontzertu batean.

Epaiketaren hasiera uda aurretik aurreikusita zegoen baina pandemiak atzeratu egin du. Justiziaren artxibo historikoa osatzeko filmatu egingo da. Jean-François Ricard fiskal bereziaren esanetan, bi helburu izango ditu: «Alde batetik gertatu zenaren egiara hubiltzea, eta bestetik biktimei ahotsa ematea, eta hau ezinbestekoa da».

Horrela, bada, biktimen eta familien testigantzarekin hasiko da, eta ustezko konplizeen agerraldia gero izango da.

Hiru eta beste hiru falta dira

Urtarrilaren 7an, Cherif et Said Kouachik 11 kazetari eta langile hi zituzten guda-armekin ‘Charlie Hebdo’ren erredakzioaren aurka egin zuten erasoan, Parisen. Ihesean polizia bat hil zuten.

Biharamunean, Amedy Coulibalyk –kartzelan Cherif Kouachi ezagutu zuena– udaltzain bat hil zuen Montrougen, hiriburutik gertu. Urtarrilaren 9an lau pertsona hil zituen, guztiak judutarrak, Hyper Cacher supermerkatu judutar batean egin zuen bahiketan, Parisen ekialdean.

Poliziak, supermerkatuan sartu eta Coulibaly hil zuen. Une horretan Dammartin-en-Goeleko (Seine-et-Marne) inprimategian atzeman zituen Kouachitarrak eta hil egin zituen.

Zein izan zen 14 akusatuen papera? Zer zekiten erasoei buruz? Azaroaren 10era arte, bakoitzaren erantzukizuna argitzen saiatuko da Auzitegi berezia.

Hauetatik hiru falta dira eta «in absentia» epaituak izango dira: Hayat Boumeddiene, Coulibaly-ren neska-laguna eta emakumeen jihadismoan ezaguna, eta Belhoucine anaiak. Hirurak Irak-Siriara abiatu ziren erasoak baino egun batzuk lehenago.

Belhoucine anaien heriotza hainbat iturritatik aurreratu bada ere ez da inoiz era ofizialean baieztatu. Hayat Boumeddiene hiltzat jo zuten ere baina Siriara ihes egin zuela uste da.

Frustrazioa eta alarma

Gainerako akusatuen inguruan, epaileek «krimen terroristekin konplizidadea» egotzi diete Belhoucine anaia zaharrenari eta Ali Riza Polati. Biziarteko kartzela-zigorra jaso ditzakete.

Ali Riza Polat Coulibalyren gertukoa da eta atentatuen prestaketan paper garrantzitsua izan zuela dio Fiskaltzak, batez ere armak eskuratzeko arloan. Berak ukatu egiten du guztia.

Beste guztiei «gaizkileen terrorista-kriminal elkartea» osatzea leporatzen diete –hogei urteko kartzela zigorra-. Bakarra da kalean dagoena, hori bai epaitegien kontrolpean, «gaizkileen elkartea» osatzea egotzita –10 urte–.

Auzitegiak «nahiko lan izango du ekintza haiek epaitzen, batez ere arduradun nagusiak ez daudelako. Erronka handia du Justiziak», ohartarazi du akusatuetako baten abokatuak, Safya Akorrik.

Kouachi anaiak eta Coulibaly zirenak ez egoteak «frustrazioa sortzen du», onartu du fiskalak, baina ukatu egin du beste 14ak «inolako garrantzirik gabekoak» direnik.

2015eko urtarriletik hona gertatu diren eraso jihadistetan 258 pertsona hil dira eta mehatxu «terroristak» maila gorenean jarraitzen du bost urte geroago.