NAIZ

Kuciak kazetari eslovakiarraren hilketaren enpresari susmagarria, froga faltagatik aske

Bere negozio ilunak eta agintari politikoekin zituen harremanak ikertzen ari zen Jan Kuciak kazetariaren eta haren neskalagunaren hilketaren auzian «ez erruduntzat» jo dute Marian Kucner enpresaria. Kasuak orduko Gobernua hankaz gora jarri zuela eta, absoluzioak harridura sortu du.

Jan Kuciak eta Martina Kusnirovari omenaldia, hil zituzten lekuan. (Vladimir SIMICEK/AFP)
Jan Kuciak eta Martina Kusnirovari omenaldia, hil zituzten lekuan. (Vladimir SIMICEK/AFP)

Eslovakiako Zigor Auzitegi Bereziak «ez erruduntzat» jo du Marian Kucner enpresaria ustez Jan Kuciak ikerketa-kazetariaren eta Martina Kusnirova bere neskalagunaren erailketa agintzeagatik egin den epaiketan.

Hilketak sekulako lurrikara politikoa eragin zuen Txekoslovakia desegin eta Txekiako Errepublikatik aldendu zen Europa erdialdeko errepublikan.

Ustez hiltzaileekin bitartekari lanak egin zituen pertsona ere, Alena Zsuzsova, «ez erruduntzat» jo du epaiak, bi akusatuak hilketarekin lotzen dituen frogarik ez omen dituztelako aurkitu.  

Tomas Szabo polizia ohia, ordea, «konplizetzat» jo du epaileak eta 25 urteko kartzela zigorra ezarri dio. Izan ere, frogatutzat eman du hilltzaileen kotxea gidatu, armak prestatu eta ordainssaria jaso zuela.

Harridura

Epaia entzutean, kazetariaren familiak epaitegitik alde egin du. Gauza bera egin du Kuciaken nagusi izan zen eta egun Aktuality.sk inteneteko atariaren editore buru denak.

Egun Eslovakiako presidente den Zuzana Caputova liberala harrituta agertu da eta, esan duenez, «sakonean irakurriko dut epaia, guztiz errespetatzen dudana».

Bide batez, kasua Auzitegi Gorenera joango dela aditzera eman du.

Epaia ez da oraindik irmoa eta Fiskaltzak helegitea aurkez dezake.

Igor Matovic lehen ministroaren ustez, Kucner eta Zsuzsova dira «hilketaren ingeniariak», eta «oraingoz» Justiziari iskin egin izana gaitzetsi du.

Akusazioaren abokatuek Auzitegia «purismo juridikoan erori dela» salatu dute.

Eslovakiako historian epairik jarraituena izan da. Hilketaren ondorengo protestak sistema politikoaren aurkako oihu ozen bilakatu ziren.

27 urte zituen Kuciakek Kucner enpresariaren negozio ilunetaz idatzi zuenean, eta korrupzio politikoaren errealitatea mahaigaineratu zuen.

Orduko lehen ministroak, Robert Fico sozialdemokrata ahalguztidunak, boterea utzi zuen eta berak izendatu zuen ondorengoak, Peter Pelegrini, aurtengo otsailaren 29ko hauteskundeak galdu zituen.  

Ordutik hona, Matovic eskuineko populistak gidatzen duen koalizioak gobernatzen du herrialdea.