NAIZ

Mikel Barriosen egoera salatzeko txirringa martxa abiatuko da Iturgoiendik Mont de Marsanera

Iturgoien herria eta Mont de Marsango espetxea lotuko ditu bihar abiatuko den txirringa martxak. Helburua Mikel Barrios Arrosadiako presoak pairatzen duen egoera salatzea da. Iruñeko auzo honetatik pasako dira martxistak.

Mikel Barriosen espetxearatzearen kontra ekainean egindako manifestazioa. (Idoia ZABALETA/FOKU).
Mikel Barriosen espetxearatzearen kontra ekainean egindako manifestazioa. (Idoia ZABALETA/FOKU).

«Gure laguna eta euskal militantea den Mikel Barriosen egoera salatu nahi dugu. Mikelen berehalako gartzelaratzea  eta baldintzapeko askatasuna ukatu izanari erantzun herritar bat ematea dugu helburu. Honekin batera euskal preso, iheslari eta deportatuek pairatzen duten egoera salatzen dugu bederen», azaldu dute antolatzaileek.

«Bide horretan txirrindula martxa prestatu dugu. 2020 honetako irailaren 4ean abiatuko gara Iturgoiendik, Mikel hazitzen ikusi zuen herria. Harrerarekin hasiko gara goizeko 8h30tan. Hantxe indarrak hartzeko bokadotxo bat eskeini eta ekitaldi xume eta polit bat egingo dugu goizeko bederatzietan. Zirrara bizian irtengo gara Andia mendizerraren maldaz indartutak Iruñeraino. Han hamaiketakoa egin eta Iruñeko buelta emanen dugu gure oihartzuna kaleetan zabalduz Arrosadiaraino. Hemen errotua genuen gure laguna. Ikastolatik, kaleetatik, elkarlanetik sobera ezagutu genuen. Gure hurrengo ibilbideak Itsasutik ere eramango gaitu. Herri hau izan da Mikel babestu egin duena azken garaiotan maitasun osoz».

Itsasutik Mont de Marsan espetxeraino abiatuko dira. Igandean helduko dira bertara. Mikel Barriosekin batera Aitzol Etxaburu, Ibon Goieaskoetxea, Xabier Goienetxea, Luis Iruretagoiena, Fermin Martinez, Ander Mujika, Iñaki Reta, Ekaitz Sirvent, Igor Suberbiola eta Josu Urbieta euskal presoek ere espetxe honetan daude.