NAIZ

Arnaldo Otegi (EH Bildu): «Estatuaren biolentzia orainaldian praktikatzen da»

Igor Gonzalez Sola euskal preso politikoaren heriotzaren aurrean, Arnaldo Otegik (EH Bildu) adierazi du ezin dagoela elkarbizitza demokratiko eraikitzerik biolentzia guztiak ez badira desagertzen. Bestalde, Igorren heriotzaren erantzule egin ditu espetxe politika defendatzen eta babesten dutenei.

Arnaldo Otegi. (Iñigo URIZ / FOKU)
Arnaldo Otegi. (Iñigo URIZ / FOKU)

Igor Gonzalez Sola preso politiko bilbotarraren heriotzaren aurrean, Otegik mezu bat helarazi du EH Bilduko sare sozialetatik. Bertan, Gonzalezen heriotzak erantzuleak dituela adierazi du: «Politika penitentziario kriminala defendatzen dutenak dira erantzuleak eta horiei babesa ematen dioten guztiak».

«Herri honetan asko hitz egiten da ETAren eta iraganeko biolentziari buruz, baina ETAren biolentziaz iraganean hitz egiten da, aldiz Estatuaren biolentzia orainaldian praktikatzen da», gogoratu du Otegik.

Ildo horretatik, elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko ezinbestekotzat jo du biolentzia guztiak desagerraraztea. «Bat, bere borondatez desagertu da, bestea mantendu egiten da. Ea noiz garen kapaz biolentzia guztiak iraganean aztertzeko», argitu du EH Bilduko idazkari nagusia. Hala ere, Gonzalez Solaren heriotza Estatuak horretarako «prest ez dagoelaren» adibidea izan dela adierazi du.

Atzo, EH Bilduk ohar baten bidez adierazi zuen Gonzalez Solaren heriotza «onartezina» zela, eta espainiar Estatuari bere espetxe politika lehenbailehen aldatzeko eskatu zion.

«ETAk indarkeriaren erabilera behin betirako utziko zuela iragarri zuenetik 9 urte bete direnean, eta erakundea desagertu zenetik bi urte baino gehiago bete direnean, ulertezina da oraindik ere presoak espetxean izatea», adierazi zuen koalizio soberanistak.