NAIZ

Iñigo Urkulluk hirugarrenez zin egin du lehendakari gisa ezohiko ekitaldi batean

Iñigo Urkulluk lehendakari karguaren zina egin du larunbat honetan Gernikako Arbolaren azpian, Gasteizko Legebiltzarrak Batzar Etxean egindako ezohiko bilkuran, eta bere agintaldia «zintzo betetzeko» konpromisoa hartu du. Urkulluren hirugarren zin egite honetan, koronabirusak markatu du eguna.

Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu du ekitaldi berezi batean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu du ekitaldi berezi batean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ekitaldia 11.00ak aldera hasi da lehenengo legebiltzarkideak, gonbidatuak eta euskal erakundeetako ordezkariak Gernikako Batzar Etxera heldu direnean. Oraingo honetan, eta covid-19aren pandemia dela eta, gonbidatuen kopurua murriztu egin da, eta guztiek itxaron dute Gernikako Batzar Etxean, maskara jarrita.

Besteak beste, Juan Maria Atutxa, Izaskun Bilbao eta Jesus Egiguren Eusko Legebiltzarreko presidente ohiak, Jose Luis Bilbao Kontuen Euskal Epaitegiko presidentea eta Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko jarduneko presidentea izan dira lehenetarikoak heltzen.

Iñigo Urkullu 12.00ak aldera iritsi da Batzar Etxera, Lucia Arieta-Araunabeña emaztearekin batera. Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko presidentearekin, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearekin eta Legebiltzarreko Mahaiko kideekin makilarekin posatu ondoren, guztiak areto barrura joan dira, hiru foru aldundietako makeroek eskoltatuta eta 'Alkate Soinua' martxa interpretatu duen Bilboko Udal Txistulari Bandarekin batera.

Berriro kanpora atera ondoren, lehendakariak Legebiltzarreko Autonomia Estatutuaren alea eta Juan Ruiz de Angiz eskribauak 1600eko azaroaren 4an egindako Bizkaiko Foru Zaharraren kopia euskaraz zin egin ditu.

«Apal-apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko-lur gainean zutik eta Gernikako haritzaren azpian, asaben gomutaz, herri-ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo beteko dudala zin dagit», izan da Urkulluk zin egiteko erabili duen formula.

Ekitaldian alderdi politikoetako ordezkariak ere izan dira: Andoni Ortuzar (EAJ), Arnaldo Otegi (EH Bildu), Roberto Uriarte (Unidas Podemos) eta Amaya Fernandez (PP). Maria Chivite Nafarroako presidentea eta EAEko hiru hiriburuetako alkateak ere bertan izan dira.