Idoia ERASO

Maskaradun Biltzarrean present dira idazle eta bisitariak

Idazleen Biltzarraren 37. urteurrena igande honetan ospatzen da Saran, Bazko astelehenan beharrean. Espero zen gisara, ohi baino jende gutxiago bildu da, baina antolatzaileak eta partehartzaileak ere kontent dira, hitzordu kulturalaren izpiritua ageri baita. Apirilerako izena eman zuten idazleen %90ak parte hartu du, eta bisitaren erdia aipa daiteke, datu zehatzik ez bada ere.

Sarako Idazleen Biltzarrak 37. edizioa ospatu du igande honetan. (Guillaume FAUVEAU)
Sarako Idazleen Biltzarrak 37. edizioa ospatu du igande honetan. (Guillaume FAUVEAU)

Sarako Idazleen Biltzarra Ipar Euskal Herriko hitzordu kultural nagusietako bat da, eta idazleen artean garrantzitsuena. Euskarazko literaturak urtetik urtera presentzia hartzen badoa ere, hizkuntza ezberdinetan ari diren idazleak dira present, mota guztietako obrak erosleen eskuetan jarriz.

Normalean hurbiltzen den jendearen erdia inguru biltzen ari da, aurreko urteetan eguerdirako 400 eta 500 pertsona artean elkartzen badira, igande honetan 200 baziren. Hala ere mahaiaren gibelean dauden idazle, elkarte eta argitaletxeetako ordezkariekin mintzatuta, batzuk nabarmendu dute, kopurua txikiagoa baldin bada ere, bertaratutakoak, fidelak eta erosten dutenak direla.

Baina partehartzaile zein bisitarien ahoetan dagoena, ospatu izanaren poza da, hitzorduaren garrantzia azpimarratzen dute anitzek, izan ere, elkartzeko paradaren balioa azpimarratu dute. Jean-Michel Garatek Biltzarreko presidenteak nabarmendu du, «babes neurri anitzekin egiten ari den Biltzarra da, maskarak, gela, zirkulazio zentzuak… publiko gutxiago bada, baina gizakien berotasuna ageri da».

Idazleen partehartzearekin oso kontent agertu da Garat, «garrantzitsuenak partehartzaileak dira, eta horiek erantzun dute, apirilean galdetu zutelarik irailean etorriko ziren gehienek baietz erran zuten, eta 37. edizio honetan 140 idazle, 29 elkarte eta 18 argitaletxe daude mahaien gibeletan».

Ohi bezala lan berriak ezagutzeko balio du Biltzarrak, BBAX talde polifonikoak ‘t’mAmAztAng’’t’ disko atera berria aurkeztu du, Eric Dicharryk antropologo eta poetak, bere alderdi artistikoaren adierazpide den ‘Eros’ aurkeztu du. Berritasunean nagusi Asisko Urmeneta dugu, urrian argitaratuko den sorgineii buruzko XXX, irailean erosteko aukera ematen baitu.

Mintzaldietan, eta sari banaketan jendea ikusten, ez beharbada usaian bezain beste, baina erosteko momentuan bezala, horrelako hitzorduetan parte hartzen duen jendea da Sarara hurbildu dena.

Biltzar sariak

Bi saritu izan dira aurten, Koldo Ameztoy ipuin kontalaria eta Marie Jose Basurco idazlea. Lehena ezin izan da hurbildu familian izandako heriotza baten ondorioz. Baina Basurco bertan izan da, emozioz betea, bai hitzekin, bai gorputzarekin agerian eman duen bezala. Ezaugarri duen idazteko manera eta gaiak bezala, emakume azkarra agertu da ikuslegoaren aintzinean. Euskal Herriari buruz, historia hurbilari buruz, eta bere gatazkari buruzko obrak atzematen dira bere bibliografian.

Orain prestatzen ari den proiektuaren berri eman du, non bera den bezalako, emakume indartsuei buruz mintzatuko dela esan duen, nahiz eta berak bere burua ez duen horrela agerrarazi nahi izan.