Iturgoiendik abiatu zen irailaren 4an Mikel Barriosen egoera salatzeko txirringa martxa. Barriosen sorlekua da Iturgoien eta egun horretan Iruñerrira heldu zen martxa, Barrios errotu zen Arrosadia auzora hain zuzen. Iruñerria utzita, Aldudera helduko ziren gauean txirrindulariak.
Hurrengo egunean, Baigorri eta Luhusotik igaro ondoren, Itsasura heldu ziren eguerdian. Lapurdiko herri honetan bizi zen Barrios atxilotu aurretik. Bertan bazkaldu eta gero Lahontan herrian amaitu zuten etapa.
Gaurkoa martxa honen azken etapa izan da. Lahontanen prestatutako kanpamentua jaso ondoren, ongi gosaldu eta bizikleta hartu dute hamarnaka txirrindulariek. Hainbat aldapa gogor igo ondoren Murgon egin dute atsedenaldia indarrak hartzeko.
Goudosse, Caunar, Aurice eta Haut-Mauco herrietatik pasatu ondoren, 12.00ak aldera heldu dira Mont de Marsango espetxera, non hara bertaratu diren beste pertsona batzuen txaloak jaso dituzte. Bertan elkarretaratzea egin dute eta kartzelari buelta batzuk eman dizkiote musikaz giroa alaituz.
Listo, iritsi da txirrindula martxa Mont de Marsango espetxera. Hamarnaka lagun bertan, erraldoiak ere tartean. Ederra izan da.#DenakEtxera #IzanBidea @sare_herritarra pic.twitter.com/Qs9DbEbToT
— DenakEtxera! (@DenakEtxera) September 6, 2020
Mikel Barriosez gain, Mont de Marsango kartzelan dira ere Aitzol Etxaburu, Ibon Goieaskoetxea, Xabier Goienetxea, Luis Iruretagoiena, Fermin Martinez, Ander Mujika, Iñaki Reta, Ekaitz Sirvent, Igor Suberbiola eta Josu Urbieta.