Ibai AZPARREN

Sindikatu eta eragileek ikasturte seguru baterako neurriak ezartzea exijitu diote nafar Gobernuari

Hezkuntza Komunitatearen Foroak «benetako negoziazioa hasteko» eskatu dio Hezkuntza Departamentuari Nafarroako Osasun publikoaren eta Lan Osasunaren Instituaren aurrean astearte honetan eginiko elkarretaratzean. Hainbat neurri proposatu dituzte atzo hasi zen ikasturte «seguru» bat bermatzeko.

Hezkuntza Komunitatearen Foroaren elkarretaratzea Nafarroako Osasun publikoaren eta Lan Osasunaren Instituaren aurrean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Hezkuntza Komunitatearen Foroaren elkarretaratzea Nafarroako Osasun publikoaren eta Lan Osasunaren Instituaren aurrean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Hezkuntza Komunitatearen Foroa elkarretaratzea egin du astearte honetan Nafarroako Osasun publikoaren eta Lan Osasunaren Instituaren aurrean, Hezkuntza Departamentuak erakunde horrek emandako jarraibidieak erabili baititu covid-19aren kontigentzia planari dagozkion erabaki asko justifikatzeko.

Ikasturtea hasi den arren, Hezkuntza komunitatearen foroak —hainbat sindikatu, ikasle mugimendu eta guraso elkartek osatzen dute— salatu du Nafarroako Gobernuak ez duela «inolako asmorik erakutsi» eragileekin espazio alternatiboen egokitzapena negoziatzeko, ratioak jaisteko, ikasleen arteko distantzia handitzeko eta kutsatzeko aukera nabarmena murrizteko.

Izan ere, gela askotan pertsonen artean ez da errepetatzen 1,5 metroko gutxieneko tartea edo pertsona bakoitzari ez zaio ematen 2,25 metro koadroko espazioa, sindikatu eta elkarteek salatu dutenez. Neurri hauek ezartzeko arazoak batxilergoan nabaritu dira bereziki, non ratioa 33 ikaslekoa den ikasgela bakoitzeko.

Hezkuntzaren komunitatearen foroaren ustez, ikastetxeetan «covid plana» ezarri eta berrikusi behar dutenak arriskuen prebentzioko espezialistak dira, lan hori ezin baitute irakasleek egin prestakuntza faltagatik.

Gainera, irakasle zaugarriek, zenbait patologia dituztenek eta Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuan haien lanpostua egokitzeko eskatu duten gehienek erantzunik jaso ez dutela salatu dute, eta lortu dutenean, edozein egokitzapen ukatu zaiela nabarmendu dute, baita FFP2 motako maskarak ere.

Sindikatu eta eragileek inplikatutako langile guztiei baheketa serologikorik egin ez zaiela salatu dute ere. Halaber, zentroan kutsatzerik antzemanez gero, kasu positiboarekin harremanten egon diren langile guztiei PCR proba egitea eskatu dute.

Proposatutako neurriak

Beraz, ikasturte seguru baterako Hezkuntzaren komunitatearen foroak egindako eskaeren artean, eskolako eritzaintza zerbitzua eta talde desbedinetako ikasleak biltzen diren geletarako metakrilatozko itxiturak aurkitzen dira.

Ez hori bakarrik, komunikazioa zailtzen duten maskaren aurrean, mikrofonoak eskatu dituzte ahots arazoak dituzten irakasleentzat, eta langile guztientzat babes-maila handia duten maskara gardenak, bereziki adin txikiko eta hezkuntza premia bereziak dituztek ikasleak artatzen dituzten profesionalentzat.

Komunikatzeko arazoak ez ezik, sindikatu eta eragileek osasun krisi honek «ikasleen eta zentroetako eragileen osasun emozionalean» eragin handia duela aipatu dute. Arazo horri aurre egiteko, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta psikologia klinikoko zerbitzu bat eskatu dute.

Hotza iristen denean geletako aireztapena zaildu daitekeela ere ohartarazi dute. Horretarako, ikasgelek «HEPA iragazkiak diutuzten aire-arazgailuak» izan beharko lituzketela iraditu zaie, baita karbono-dioxido sentsoreak ere, airearen berriztatze maila kontrolatzeko.

Teleirakasuntza «oso korapilatsua» denean, sindikatu eta eragileek irakasle konfinatuak ordezkatzea eskatu dute. Atezaintzako langile gehiago ere exijitu dituzte, ikastetxeko sarrerak, irteerak eta barne-fluxuak hobeki antolatzeko.

Gurasoen inguruan, baimen ordaindua eskatu dute haientzat, covid-19ak edo prebentziozko konfinamenduek haien seme-alabei eraginez gero, bai eta kontziliazio neurriak ere eskolan eta lanean.

Neurri guzti horiek «lehenbailehen ezartzeko» eta hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile guztiekin «benetako negoziazioa hasteko» eskatu diote Hezkuntza Departamentuari. Halaber, hezkuntza sistemak «egiazko negoziazioa» behar duela nabarmendu dute, ez azalpenak emateko «bilera hutsak».